Datorren udararako, Irungo Udalak, hiriko eta eskualdeko hainbat elkarte eta enpresekin elkarlanean, eskaintza turistiko anitza prestatu du.
Gaur goizean aurkeztu dute Junkal eliza parean udararako eskaintza.
Datorren udararako Irungo Udalak hiriko eta eskualdeko hainbat elkarte eta enpresekin elkarlanean eskaintza turistiko zabala prestatu du. Hurrengo hilabeteetan, irundar eta turistek, bisita eta gastronomia ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute.
Gaur aurkeztu dute udararako eskaintza Miguel Angel Paez Garapen Jasangarriko ordezkariak, Juncal elizako apaiz Fernando Jimenezek eta Heladeria Papperinoko Yon Gallardok. Paezen esanetan, “oporretan Irun hiri erakargarria” bilakatzeko helburuarekin ekin diote proiektuari.
Udararako antolatu duten lehenengo eskaintza bisita gidatuak dira. Uztailaren 8tik abuztuaren 30ra bitarte, asteazkenero, 11:00etan, eta larunbatero, 10:30ean, Juncal elizatik bisita gidatu ezberdinak aterako dira. Bertatik, Oiassoko eremu erromatarrera bideratuko dira, gero Urdanibia plaza ikusi eta Ama Xantalenera eta udaletxera joateko. Bisitek ordu bateko iraupena izango dute eta 2 euroren truke izen emateko aukera dute dagoeneko irundarrek.
Santa Elenako nekropolia ezagutzeko bisitak dira udarako bigarren eskaintza berezia. Oiasso Erromatarren Museotik atera, tren berdera igo eta nekropolia bisitatuko dute. Gainera, Irugutzetako meategiak bisitatzeko aukera ere eskainiko dute. Irteerak, uztaileko asteazken eta igandetan, 11:00etan eta 17:00etan izango dira eta igandetan, berriz, 11:00etan. Abuztuan, ostegun, ostiral eta larunbatetan egingo dituzte bisitak, ordutegi berberean.
Gastronomia aldetik, Bidasoa Bizirik-en eskutik, Irunek badu zer eskaini datozen hilabeteetan. Ola Sagardotegia, Felix Manso Ibarla, Estebena, Vinoteca Mendibil, Heldaeria Papperino eta Bidassoa Basque Brewery enpresekin hitzarmena egin du Udalak, bisitariek bertako produktuez gozatzeko aukera izan dezaten. Esperientzia gastronomiko horiek Hondarribia eta Irunen egingo dituzte.
Gainera, Lapurriturriko Informazio Puntura ere bisita berezia egingo dute hilaren 15ean. Bitxikeria bezala, iaz, 1.100 pertsona pasa ziren Aiako Harri inguruko puntutik. Urria bitarte, astebururo, informazio puntua irekiko dute. Informazio gehiago,
Irungo Udaleko eta
Bidasoa Turismo-ko web orrialdeetan eskuragarri dago.