Hamarnaka su txiki piztu zituzten atzo Butroneko hondartzetan. Batez ere, azterketak eta eskola liburuak erre zituzten Hondarribiko haurrek.
Su handia espigoian piztu zuten, baina haurrek bi hondartza txikietan egin dituzte beraienak
Ikusgarria da espigoiaren hasieran pizten duten sutzarra. Handia, ederra, sekulako berotasuna ematen duena… baina baita aspergarria ere, pizten dutenetik denbora asko pasatu behar baita bertara hurbildu arte. Ikusgarria da, batez ere hori, ikusteko modukoa.
Horregatik, haur talde bakoitzak bere San Joan sua pizten du Kai Zaharreko hondartza txikietan. Horrela, goikoak indarra galtzen duen arte zain egon gabe, ahaztu nahi dituzten horiek erretzeko aukera izaten dute.
Hamarnaka sutzar txiki piztu zituzten atzo Butroneko hondartzetan, eta ehunka azterketa, eskola liburu, papertxo, eta bestelakoak erre zituzten bertan. Baten batek ondo egindakoak ere bota zituen garretara oharkabean; izan ere, erakarri bezala, nahastu ere egiten du San Joan bezperako suak.