Edalontzi horiek txosnetan har daitezke, euro batean. Udalak, jaietan eta eguneko, 13.531 euro erabiliko ditu kaleen garbiketarako.
Udaleko eta txosnetako nahiz Txinzerreko ordezkariak, edalontziak eskuan, gaur.
Hori da kopurua: 14.400. Irungo Udalak eta Txingudiko Zerbitzuek (Txinzer) elkarlanean, sanmartzialak iraunkorrago izan daitezen kanpaina abiatu dute. Horren oinarria 14.400 ontzi berrerabilgarri dira. Eta leloa dute ontziek inprimatuta:
Ondo pasa. Festa garbi bat opa dizuegu.
Iaz ere ontzi berrerabilgarrien aldeko apustua egin zuten udalak eta Txinzerrek. Ondo joan zen. Horien helburua da behin erabiltzen diren plastikozko edalontzietaz ahaztu, eta berrerabilgarriak erabiltzea. Hala, horiek, txosnetan (hilaren 22an zabalduko dituzte) eskuratzeko aukera dago, euro batean. Ontziak itzultzen badira, euroa ere itzuliko zaie erabiltzaileei. Bi helburu ditu, beraz, kanpainak: jaiak bitartean hiria garbiago mantentzea, eta birziklatzearen aldeko mezua indartzea.
Gaur aurkeztu dute kanpaina txoznetan lan egingo duten elkarteetako ordezkariek, Juncal Eizagirre Kultura ordezkari eta Cristina Laborda Bide Publikoen ordezkariekin, nahiz Txinzerreko kudeatzaile Leire Zubiturrekin. Esan dutenez, txoznetara jendean hurbiltzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte horien inguruan, hilaren 22an, 19:00etatik aurrera, Mondragon Unibertsitateko ikasleen —txosna dute— eskutik.
Garbiketa
Plastiko gutxiago erabili, eta gutxiago zikindu. Horiek udalak eta Txinzerrek jaietarako jarri dituzten helburuak iraunkortasunari dagokionez. Eta hondakinak kudeatzeko, errefortzuak: jaiak bitartean hainbat tokitan edukiontzi gehiago jarri dituzte, eta kale garbiketa zerbitzuak ere indartuko dituzte. Datu bat eman dute udal ordezkariek: urtean zeharreko Irungo kaleen garbiketaren kostua 10.965 eurokoa da: jaietan, eguneko, 13.531 euro erabiliko dituzte.