Datorren uztaileko Dies Oiassonis egunean erromatarren garaira itzuliko da Irun.
Dies Oiassonis eguneko errekreazio erromatarra.
Datorren uztailaren 14tik 16ra, Dies Oiassonis egingo dute Irungo kaleetan. Bi egunez erromatarren garaira bidaiatuko dute irundarrek, antzinako Oiassora itzulia egiteko.
Dies Oiassonis
Oiasso Erromatar Museoak antolatu du, udalaren laguntzarekin. Urtero bezala, museo inguruko kaleak erromatarren garaiz apainduko dituzte. Iraganera bidaia egiteko, hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Antzerkia, gladiadoreak, artisautza, arkeologia erreplikak edota tailerrez gozatzeko aukera izango dute gerturatzen diren guztiek.
Aurten, lehen aldiz, erromatarren kanpaleku bat ipiniko dute museoaren parean, Kerberos elkartearen eskutik. 2017ko bigarren berritasuna Leondik datorren Legio Vi Victrix erromatar legioa izango da. Umore kutsuarekin, erromatarren bizitza kontatuko dute, gerrarako erabiltzen zituzten taktiketatik formazio klasikoetara.
Gainera, azken urteotan bezala, Greziako Isis jainkosaren inguruko Navigium Isidis prozesioa egingo dute Irungo leku esanguratsuenetatik. Iaz egin zuten zirku erromatarrak ere bere txokoa izango du aurtengo Dies Oassonisen. San Juan plazan kokatuko dute zirkua, eta hainbat ekitaldi eskainiko dituzte bi egunetan zehar.
Kultur ekitaldiez gain, Irun Dastatu plataformaren bitartez, hainbat gastronomia ekitaldi antolatu dituzte.