Gasteizen, Jaurlaritzan, oinarrizko zerbitzua ematen duten bi anbulantziak mantendu daitezela eskatzeaz gain, medikalizatu bat gehitzeko eskatu dute.
Oinarrizko zerbitzuko bi anbulantziak mantendu, eta medikalizatu bat eskatu dute.
Hondarribiko eta Irungo alkateek garbi adierazi dute gaur, Jaurlaritzan, “kezka handia” dagoela Bidasoan anbulantzien zerbitzuaren aldaketak direla eta. Jaurlaritzaren asmoa da oinarrizko laguntzarako anbulantzia bat kentzea, medikalizatu batekin ordezkatzeko. Horrekin ez daude ados ez udalak, ezta herritar asko ere: oinarrizko laguntza emateko bi anbulantzia nahi dituzte, eta horiei medikalizatu bat gehitu.
Txomin Sagarzazuk eta Jose Antonio Santanok Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuorde Fatima Ansotegirekin egin dute bilera gaur goizean, Gasteizen. Bidasoarrek duten kezka azaldu diote Ansotegiri, eta Hondarribian kenduko luketen oinarrizko laguntzarako anbulantzia manten dadila, eta medikalizatu bat gehitu dadila eskatu dute. Ansotegik erantzun die gaiaren gaineko erabakirik ez dagoela oraindik, “anbulantzien inguruko hobekuntzen erabakiak hausnarketa fasean daude”, adierazi du.
Sagarzazuk zehaztu duenez, uda garaian ia bikoiztu egiten da Hondarribiko biztanlegoa —anbulantzien zerbitzuaren berrantolaketa udarako dago aurreikusia—, “herritarrentzako ezinbestekoa den zerbitzu bat era egokiagoan eskaini behar da”.
Santanok, bere aldetik, nabarmendu du aurretik anbulantzietako langileekin egonak direla, arazoaren berri zuzenean izateko. Irungo Udalak, bozeramaileen batzordean adostuta, murrizketarik ez izateko akordioa hartua duela gaineratu du, “denon segurtasunaz ari gara hizketan, eta gai honetan ezin dira murrizketak eta aurrezteak egin”.
Sinadura bilketa
Bestalde, oinarrizko laguntzarako anbulantzia ez kentzeko, eta medikalizatu bat gehitzeko eskaerarekin bat egiteko sinadura bilketa hasi dute Bidasoan. Hori
change.org webgunearen bitartez egin daiteke. Jada 6.000 inguru dira eskaerarekin bat egin duten herritarrak.