Uztaila eta abuztua bitarte, 3 eta 16 urte bitarteko gazte irundarrei zuzendutako 'Uda 17' programa jarriko dute martxan.
Gaur aurkeztu dute udararako kirol kanpaina.
Udako kirol ikastaroen programa aurkeztu dute gaur goizean Irungo Azken Portu Kiroldegian. Udaleko Kirol arloko ordezkaria Pedro Alegrek, hiriko hainbat kirol elkarteetako ordezkariekin batera, ‘Uda 17’ kanpainaren barruan eskainiko diren kirol jardueren berri eman dute. ‘Uda 17’ kanpaina Irungo Udaletik sortutako eta urtero errepikatzen den programa da. 3 eta 16 urte bitarteko gazte irundarrei zuzendutako kanpaina da, eskola kirolaz gain, udaran zehar ere kirol jarduerez gozatzeko aukera izan dezaten. Uztaila eta abuztua bitarte egingo dituzte kirol ikastaroak.
Aurtengo udararako, hiriko hemezortzi kirol elkartek hartuko dute parte: S.D. Santiagotarrak (piraguismo eta arraun kurtsoak), Leka Enea (mahai gaineko tenis ikastaroak), CD Bidasoa (eskubaloi kurtsoak Artalekun), Central Surf Eskola (Hendaiako hondartzan surf ikastaroak), Club Hipico Jaizubia (poney eta zaldi kurtsoak), Real Union CD, CD Mariño, CD Behobia eta Landeta K.E. (futbol ikastaroak Gal, Ugalde eta Artian), Bidasoa Atletiko Taldea (atletismo kurtsoak Plaiaundin), Bidasoa XXI (igeriketa, zumba eta funk ikastaroak Artaleku eta Azken Portun), Club de Tenis Txingudi (Dunboa ikastetxean tenis ikastaroak), Padel Indoor Bidasoa (padel kurtsoak), Rugby Club Irun (rugby ikastaroak Plaiaundin), A.D. Irunesa (gimnasia erritmikoko kurtsoak Azken Portun), El Establo Pirata (skate ikastaroak Santiagoko skate parkean), Lur Alai Squash Kluba (squash kurtsoak Artalekun) eta Erroibide (saskibaloi ikastaroak Azken Portun).