Errauste plantaren aurka elkarretaratu dira Hondarribian ere
Hogeita hamar lagun inguru kontzentratu dira Damarri plazan, Zubietako errauste plantaren obrak hasi diren egunean.
Hondarribian, Damarri plazan egin zuten kontzentrazioa
Zubietako errauste plantaren kontra elkarretaratu zen hondarribiar talde bat atzo, Damarri plazan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, kontzentrazioak egin ziren Gipuzkoako hainbat herritan, errauste planta eraikitzeko lanak atzo hasi zirelako. Hondarribian, hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten protestan.
Kontuan izan behar da ordu berean Josep Pamies ekintzaile katalanaren hitzaldia zegoela Itsas Etxean, Chiapas Enea gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta. Jende asko hurbildu zen ekitaldira, Itsas Etxea txiki geratu zelarik.
Facebook orriaren bitartez, leku faltagatik kanpoan geratu zirenei barkamena eskatu die erakundeak.