Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak Farolako bidea bisitatu zuen atzo, alkatearekin. Apirilean erakundeen arteko hitzarmena sinatuko dute.
Aintzane Oiarbide, alkatearekin, Farolako bidea ikuskatzeko atzo egindako bisitan
Udazkenean hasiko dira Farolako bideko ezponda egonkortzeko lanak. Atzo Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak ingurua bisitatu zuen eta, Amuteko biribilguneari buruzko xehetasunak emateaz gain (
HITZAk aurreko astean aurreratu zuen), Lurgorri eta Iterlimen etxaldeen atzealdeko luizi arriskua murrizteko lanak abiatuko dituztela jakinarazi zuen: “Higerreko itsasargira doan errepidea egonkortzeko lanak, eta nola ez, behealdean kokatzen diren Lurgorri eta Iterlimeneko urbanizazioetara dauden lur-jausiak konpontzeko bidean aurrera egiteko, udazkenean hasiko dira. Aldunditik hartu dugun konpromiso bat da, denboran luzatu egin den arazo baten aurrean Aldundiak lidergoa hartu eta proiektua idatzi eta ia amaituta daukagu”.
Txomin Sagarzazu alkateak azaldu zuenez, erakundeen arteko azken bileran adostu zuten lanak nola bideratu: “Otsailaren 26an udaletxean bilera egin genuen erakunde guztien artean, Hondarribiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzaren artean. Bertan erabaki zen Aldundiko Bide Azpiegituretatik lidergoa hartu eta proiektua idatzi egingo zela eta lau aldeen artean akordio batera lortzeko hitzarmenaren zirriborro bat egin zen”.
Alkateak gaineratu zuen aldundiak egun gutxi barru aurkeztuko diela proiektua, eta, dena ongi, apirila hasieran lau erakundeen arteko hitzarmena sinatuko dutela.