Ekhi Martinez, bikain Bruselan
Ekhi Martinez Imai irundarra Bruselan egon da asteburuan, nazioarteko biolin lehiaketa batean parte hartzen. Finalera iritsi, eta diploma irabazi zuen.
Parte hartzaileen artean gazteenetakoa izan zen Ekhi Martinez Imai.
Ekhi Martinez Imai Irungo Udal Kontserbatorioko 14 urteko ikaslea da. Biolin jotzailea da. Asteburuan Bruselan egon da, Arthur Grimaux Nazioarteko Biolin Lehiaketan parte hartzen: aurreko fase guztiak gaindituta, finalean sartu zen irundarra, eta bertan, Finalista Diploma eskuratzeko aukera izan zuen.
29 herrialdetako 93 lehiakidek parte hartu zuten Bruselako jaialdian. Denak ala denak maila oso handikoak, gisa honetako lehiaketetan aritutakoak. Gazteenetakoa zen Martinez.
Josune Gomez udaleko Hezkuntza ordezkari eta kontserbatorioko presidenteak, ikasleak egindakoa zoriontzeaz gain, irakasleen lana ere goraipatu du.