Hondarribia-Katsikas elkarteak mila kilo gatz jaso ditu Añanako Gatz Harana Fundazioaren eskutik. Zaporeak-en sukalde solidarioan erabiliko dute Grezian.
Hondarribia-Katsikas elkarteko bi kide, Edorta Loma gatzagilearekin
Borondatea ezinbestekoa da boluntario lana egiteko. Hori gabe ez dago zer egiterik, baina horrekin ez da nahikoa. Duela bi aste arropaz beteriko bi kamioi abiatu ziren Tolosatik Serbiara, eta haietako bat joan bezala itzuli behar izan zen, borondatea baino gehiago behar delako. Asko dira Europak errefuxiatuei jarri dizkien trabak, harresi gehiegi gainditzeko. Iheslariek ez ezik, haiei laguntzera joaten direnek ere zailtasun franko igaro behar dituzte errefuxiatuenganaino iristeko. Elkartasun sarea behar izaten da probetxuzko zerbait lortzeko, eta sare horretatik kanpora saiatzen denak pareta baten kontra jotzeko aukera handiak ditu.
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak hilabete gutxitan ikasi du gauzarik txikiena lortzeko zenbat lan egin behar den. “Ate pila bat jo behar dira, lan handia egin behar da, ez dago beste modurik”, adierazi du Izaskun Eizagirre elkarteko kideak. Baina gauzak horrela egiteak emaitza dakarrela deritzo, eta jendeak baloratzen duela: “Ez dugu ezer bidaltzen ez badakigu iritsiko dela, ondo banatuko dela. Herrian badakite zertan eta nola ari garen, horregatik da
edozer eskatzen dugunean segituan ematen digutela“.
Horren adibide da ostiralean egin zutena. Olvidados gobernuz kanpoko erakunde madrildarraren eskaerari erantzunez, Greziako errefuxiatuentzako janari bidalketa prestatzen hasi ziren azaroan, eta ostiralean bidalketa burutzeko behar zuten azken urratsa eman zuten. Tona bat gatza jaso zuten dohaintzan Gesaltza-Añanan (Araba), eta hamaika ate jo behar izan dituzte gatz hori Greziara bidean jartzeko. Aurreko ostiralean joan ziren gatzaren bila.
Eizagirrek azaldu du urrian jaso zutela eskaria, azaroan Gatz Harana Fundazioarekin harremanetan jarri zirela eta baiezkoa jaso zutela: “Nahi genuena eskatzeko esan ziguten, nahi adina gatz emango zigutela. Tona bat hitzartu genuen eta bidalketa prestatu”. Abenduan abiatzekoa zen gatza. Baina Grezian egoera aldrebestu zitzaien: “Katsikasera bidali behar genuen, baina militarrek kanpalekua hustu zuten, eta Olvidadosek Grezia utzi behar izan zuen. Biltegian zutena Siriara eraman zuten, eta gu jakiak nora bidali ez genekiela geratu ginen. Grezian ditugun kontaktuekin hitz egiten hasi ginen, soluzio bat bilatzeko”.
Zaporeak-ek eramango du
Beste aukera hori Gipuzkoan bertan zuten, Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak abian duen Zaporeak proiektuaren bitartez. Aspalditik daukate hondarribiarrek harremana donostiarrekin, baina hitzezkoa batez ere, ekintzezkoa baino gehiago.
Gatza, eta Gabonetan Hondarribiko
nautikoan egin zen marrazketa lehiaketa solidarioan bildutako azukrea eta tea ere eskaini zietela kontatu du Hondarribia-Katsikaseko boluntarioak: “Baiezkoa jaso genuen, beraiek Kios irlan kudeatzen duten sukaldean erabiliko zutela, baina guk eraman behar geniela, ez zutela modurik bila joateko. Noski, guk ere ez”.
Arraun Elkartearen kamioian eraman zuten gatza Gesaltzatik Martutenera
Eta beste ate bat jo zuen Hondarribia-Katsikasek, arraun elkartearena. “Eskatu genienean, segituan bi furgoneta eskaini zizkiguten”, azaldu du Imanol Garmendiak, “baina ikusi genuen kamioi txikiarekin nahikoa zela, hiru mila kilo arte eraman ditzakeelako eta gidari bakarrarekin nahikoa izango zelako”. Suhiltzaile izandakoa da Garmendia, eta berak gidatu zuen Hondarribia Arraun Elkartearen kamioia Hondarribitik Gesaltzara, eta ondoren Donostiara, Martutenen Zaporeak-ek duen biltegi batera. Martutenetik 3.115 kilometro egin beharko ditu gatzak Kioseraino, baina aurretik beste hirurehun egin behar izan zituzten hondarribiar boluntarioek, haien herritik Añanako Gatz Haranera, eta hortik Martutenera.
Gatza abenduan abiatzekoa zen, baina Greziako egoera aldrebestu zitzaien
Zaporeak-eko presidente Jesus Jalon zuten Martutenen zain. Berarekin, Gabonetan nautikoan bildutako azukre eta te kaxak eraman zituzten Hondarribiko elkarteko beste bi kidek. Jalon Kiosen ibilitakoa da, eta ondo daki gatza zenbat baloratuko duten errefuxiatuek: “Asko gustatzen zaie, gatza eta espeziak. Gu hasi ginenean, jaten ematearekin nahikoa izango zela uste genuen, Euskal Herrian ondo jaten denez… Baina segituan konturatu ginen ez zela horrela izango, ez zuten prestatzen geniena jaten. Haietako batzuekin ikasi behar izan genuen, eta aste gutxira haien janaria prestatzen hasi ginen”.
Zaporeakek aste gutxi barru bidaliko du gatza Greziara
Jalonek esker ona adierazi zien hondarribiarrei eta kargamendua aste gutxitan abiatuko zela esan zien, eta iristen zenean argazkiak bidaliko zizkiela. “Hori asko eskertu genion” gaineratu du Eizagirrek, “egiten dugun guztia herrian erakutsi nahi dugulako. Horrela badakite hurrengo batean laguntza eske joaten garenean, iritsiko dela. Batzuetan kosta egiten da, baina gauzak ondo eginez gero, emaitzak lor daitezke”.
Europak errefuxiatuei jarritako mugak gainditzeko borondatea baino askoz gehiago behar da. Baina nahimenari elkarlana batzen zaionean, bidearen zati bat egina dago. Joan den ostiralean Hondarribia-Katsikas, Hondarribia Arraun elkartea, Añanako Gatz Harana, eta Zaporeak elkartea ados jarri ziren Gesaltzatik Egeora gatz tona bat eramateko. Aurki jarriko dute Greziara bidean gatza, amaierarik gabeko bidean errefuxiatuek jasandako zauriak gozatzen lagundu dezakeelakoan.