Hondarribia-Katsikas elkarteak tona bat gatza jasoko du bihar Gesaltza-Añanan, Greziara bidaltzeko. Arraun Elkartearen furgoneta batekin joango dira.
Hondarribia-Katsikas Boluntario taldeak beste dohaintza bat jasoko du bihar, Greziarako. Oraingoan, Gesaltza-Añanako (Araba) Gatz Harana Fundazioak tona bat gatza emango die hondarribiarrei, Greziako kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei bidaltzeko. Eguerdian jasoko dute gatza, Gatz Haranean bertan.
Ekimena Hondarribia-Katsikasena den arren, elkarte askok hartzen dute parte ekintza berri honetan. Hala, Hondarribia Arraun Elkarteak utzitako ibilgailu batekin joango dira gatzaren bila, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren biltegi batera eramango dute. Handik, Zaporeak elkarteak bidaliko du Greziara, Kiosen abian duten sukaldean erabiltzeko. Gabonen aurretik Hondarribiko
Nautikoan bildutako azukrea eta tea ere sartuko dituzte bidalketa berean, baita gatza familien artean banatu ahal izateko Zamudioko Gutierrez Angulo enpresak hondarribiarrei emandako ehunka poto ere.
Hondarribia-Katsikas taldeak adierazi duenez, duela hilabete batzuk hasi ziren proiektu hau prestatzen: “Berez, lehenago egin behar zen bidalketa, Katsikasera, baina Greziako egoera oso aldakorra da eta bidalketa hura atzeratu behar izan genuen”.
Azaldu dutenez, egitasmoa guztiz birplanteatu behar izan dute: “Nora, nola, noren bitartez… dena aldatu da, eta hilabete batzuk eman ditugu dena lotzen. Gure asmoa beti izan da egiten duguna egiten dela bermatzea, gauzak bidali, iritsi eta banatzen direla ziurtatzea. Hori lotu arte ez gara gatzaren bila joan, nahiz eta dohaintza abendutik hitzartua dugun”.
Eguerdiko hamabietarako prestatu dute gatzaren dohaintza egiteko ekitaldia Gesaltza Añanan. Hondarribiko HITZAk zuzeneko kontakizuna egingo du
Twitter bidez.
Gabonen aurretik azukrea eta tea bildu zuten Nautikoan. Bihar gatzaren bila joango dira