Ibaia 5,9 metrora iritsi da ia, eta hazteko joera dauka, Udaltzaingoaren arabera.
Bidasoa ibaia 5,9 metrora iritsi da, eta alerta aurreko egoeran dago.
Bidasoa ibaia hazita dator. Irungo Udaltzaingoak jakinarazi duenez, alerta aurreko egoera dauka, ia 5,9 metroko mailara iritsiko delako.
Itsasgorarekin batera, goizeko zazpietan, ateratzear egon da arazo gehien izaten den gunean, Behobian, baina, azkenean, ez da ezbeharrik egon.
Edonola ere, udaltzaingoa ibaia uneoro zaintzen ari da, ibaiaren maila handia baita, eta azken orduetan, gainera, joera haztekoa duela ikusi dute. Hurrengo itsasgora gertutik jarraitu beharrekoa izango da, 18:38an.
Ur putzuak Gal Stadium inguruan.
Alerta aurreko egoera ibaiak 5,7ko maila gainditzen duenean aplikatzen dute, eta alerta egoera 6,40 metrorekin piztuko litzateke, nahiz eta oraindik maila nahikoa ez izan gainezka egiteko. Horretarako, protokolo bat ezarria daukatela azaldu du Udaltzaingoak, eta uhate moduko batzuk jartzen dituztela kalteak saihesteko. Ordubete nahikoa izaten dute horiek aktibatzeko.
Bestalde, eguraldiaren eraginez, ez da inongo kalterik izan azken orduetan, Udaltzaingoaren arabera.