Mikel Etxaniz paduretako teknikariak prestatu ditu osteguneko hitzaldia eta larunbateko bisita.
Kanaberak, Jaitzubiko paduretan
Itzela da Hondarribiko ondare historiko-arkitektonikoa, baina ez da atzean geratzen hiribildua inguratzen duen paisaiaren balioa. Horretan jarri du arreta oraingoan Arma Plaza Fundazioak, herriko ondarea herritarren artean ezagutaraztea xede duen
Ezagutu zure hiria programaren saio berrian. Mikel Etxaniz naturalista gonbidatu dute eta, aurrekoetan bezala, saio bikoitza izango da: hitzaldia ostegun arratsaldean (gaztelaniaz) eta bisita gidatua, larunbatean (euskaraz).
Etxaniz Txingudiko hezeguneetako ingurumen teknikaria da eta, besteak beste, paisaiaren ikerketan aditua. Ez da denbora asko erakundeek Jaitzubiko padurak berreskuratzeko erabakia hartu zutela, eta hori horrela, gutxi ezagutzen den ingurunea da. Etxanizek, eremuaren bilakaera historikoa azalduko du, paduraren ingurumen balioak zerrendatu, eta ingurumenari dagokionez etorkizuneko erronkak zeintzuk diren aurreratuko ditu.
Ostegun arratsaldean izango da Etxanizen hitzaldia, 19:00etan hasita, Arma Plaza kultur guneko bigarren solairuan.
Ostegunean aukera ez dutenek, edo errepikatu nahi dutenek, larunbatean izango dute gaian sakontzeko aukera, Jaitzubiko paduretan barrena egingo den bisita gidatuan. Euskaraz izango da bisita, eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea (943 64 36 77 telefono zenbakian edo
posta elektronikoz). Amuteko futbol zelaitik abiatuko dira, 11:00etan, eta antolatzaileek garaiz iristeko eskatu dute.