Irun, ia zerutik
Irun goi-goitik ikusteko aukera izango dute hala nahi dutenek. Gabonetan globo aeroestatikoa jarriko dute San Juan plazan hainbat egunetan.
Honako globoa da Irunen izango dena.
Gabonen harira, udalak globo aerostatiko bat jarriko du San Juan plazan. Herritarrek erabili ahal izango dute, globoaren saskian sartu, igo, eta Irun goi-goitik ikusteko. Ostiralean hasiko ditu bidai bertikalak. Izan ere, igo bai, baina ez da San Juan plazatik mugituko puzgarri erraldoia.
Igo eta jaitsi artean, bost bat minutuko egonaldia egingo dute altueran hala nahi dutenek. 4-5 pertsonako taldeak joan daitezke saskian, pisuaren arabera. 20 metroko altuerara igoko dira irundarrak eta bisitariak, teilatuak ez ezik, inguruko mendiak, eta zergatik ez, ahal bada itsasoa ere ikusteko. Baina beti baldintza batekin: eguraldiak lagundu behar du.
Globoa honako egun eta orduetan izango da udaletxearen parean:
- Hilak 16, ostirala: 17:00etatik 19:00etara.
- Hilak 17, larunbata: 11:30-13:30 eta 17:00-19:00.
- Hilak 24, larunbata: 11:30etik 13:30era.
- Hilak 30, ostirala: 17:00etatik 19:00etara.
- Hilak 31, larunbata: 11:30etik 13:30ea.
- Urtarrilak 4, asteazkena: 11:30etik-13:30era.