Ate irekien jardunaldia dute gaur; bihartik aurrera han hasiko dira lanean herriko 11 elkarte.
Goizean herritar asko bildu da gizarte zentroan, eraikina barrutik ezagutu asmoz.
Herritar asko hurbildu da gaur Palmera Montero Gizarte Zentrora. Gaur inauguratu dute, eta horretarako ate irekien jardunaldia antolatu. Goizean jende asko izan da eraikina barrutik ezagutzen, eta arratsaldean beste asko pasako direla espero dute. 20:00ak bitartean dago aukera.
Bihartik aurrera normaltasunez hasiko dira lanean Palmera Monteron. Herriko 11 elkartek izango dute aurrerantzean bertan egoitza. Atzegik, Adiskidetuak-ek, Betti Gottik, Musika Bandak… baina egoitza finkoa izango dutenez gain, Gizarte Zentroan behar duten elkarte guztiek izango dute tokia. Balioanitzeko gelak orduka alokatzeko aukera eskainiko dute.
Baina hori bakarrik ez. Erretiratuek ere izango dute beren txokoa, eta gizarte zentroak kultur gune ere izan nahi duenez, erakusketak antolatuko dituzte bertan, besteak beste. Aste honetan bertan bi erakusketa inauguratuko dituzte Palmera Monteron, biak Irungo historiari lotutakoak, eta hiriaren sorreraren 250 urteurrenaren ekitaldien barruan antolatutakoak.