Beste egun zoragarri bat
Bota behar zuen guztia azaroan bota zuela dirudi. Abenduan, eguzkia ari da izaten protagonista, eta irudi eder asko utzi dizkigu.
Azaroa, eguraldia neurtzen hasi zirenetik bustiena izan bazen, gutxik gogoratzen dute hau bezalako abendu zoragarri bat Bidasoan. Gaur ere eguzkia izaten ari da protagonista. Goizean fresko egin du, baina hotzik ez, behintzat garairako espero den hotzik ez. Eguzkia atera orduko hasi da epeltzen, eta termometroak 20 gradura hurbildu dira.
Abendua hasi zenetik irudi ikusgarriak utzi dizkigu eguraldiak, arrosa koloreko egunsenti bikainak, eta laranja indartsuko iluntze paregabeak. Beheko irudia, baina, gaur eguerdikoa da, Bidasoan egin duten Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako hirugarren jardunaldikoa. Abenduan izanagatik ere, arraunlariek eguzkitako krema behar izan dute eta ikusleak itzal bila aritu dira, proba eroso ikusi ahal izateko.
Arraunean aritzeko nahiz ikusten egoteko, giro zoragarria zegoen eguerdi partean