Irun Zero Zigor
Arriskutsua da Facebook. Batzuetan eramaten zaitu pentsatzera mundu guztiak zure antzeko ideologia duela, hala prestatzen baitu zure horma zuretzat enpresa kaliforniarrak. Baina oro har norberak aukeratzen du nor jarraitu eta nor inoratu, eta nahi izanez gero, askotan masokismo ukitu batekin, errealitate gordinarekin tupust egiteko desgrazia edo zortea izan dezake erabiltzaileak. Zaborraren polemika ezaguna egingo zaio […]
Arriskutsua da Facebook. Batzuetan eramaten zaitu pentsatzera mundu guztiak zure antzeko ideologia duela, hala prestatzen baitu zure horma zuretzat enpresa kaliforniarrak. Baina oro har norberak aukeratzen du nor jarraitu eta nor inoratu, eta nahi izanez gero, askotan masokismo ukitu batekin, errealitate gordinarekin tupust egiteko desgrazia edo zortea izan dezake erabiltzaileak.
Zaborraren polemika ezaguna egingo zaio irakurleari, eta Irun eta Hondarribiko tasen igoerak ere eman du zeresana. Sí Se Puede Irun alderdia izan da bereziki asaldatu dena, edo hori ulertu dut egunkari eta sare sozialetan. Antza, Txingudiko Zerbitzu Mankomunitatearen (Txinzer, aurrerantzean) menpeko herritarrok, edukiontzi marroia erabiltzen dugunok, 2016an 10 euro ordaindu dugu hilero zaborra bildu diezaguten, eta 2017ra begira, ia %4 igoko digute kuota, eta 10,40 euro ordainduko dugu. Organikoa bereizten ez duten herritar askeek, berriz, %20ko igoera jasango dute, eta hilean 12 euro beharrean, 14,40 euro ordainduko dute datorren urtean, ondo kalkulatu badut.
«Astakeriatzat» («barbaridad», jatorrizkoan) jo zuen tasen igoera Sí Se Puede Irunek, eta aditzera eman ez dagoela bosgarren edukiontziaz paso egiten dutenak zigortzearen oso alde. Edo, gertatukoari fidelago izanda, zaku berean sartu zituen organiko bereizleak eta gainerakoak, agian nahigabe, baina ahalik eta herritar gehienen haserrea kanalizatuz. Hori leporatu zienik izan zen Facebooken, baina beste erreakzio mota batzuk jaso nahi ditut hemen. Txinzerrena, adibidez, oso adeitsu bai alderdi politikoarekin bai gainerako herritarrekin, azalpenak argi emanez. Harritu nau mankomunitatearen rol horrek: sartu behar al du halako erakunde publiko batek alderdikeria eta herritarren on-line purrustaden artean? Ez dakit, baina aski airoso ateratzen da eztabaidatik. Eta gero jendea dago, herri xehea, populua. Batek birziklatzeari utziko ziola protesta gisa, beste bat kezkatuta, non utziko ote zuen enegarren kuboa, marroia, txakurrak txikiziorik ez egiteko moduan —eta animaliaren arabera erabakiko zuela zer egin—, beste herritar sumindu bat, nahikoa dela hainbeste birziklatzeaz, orain artekoarekin ez ote den nahikoa, eta abar.
Zalantza mundanoagoak ere bazeuden: non demontre lortzen den edukiontzi marroia ireki ahal izateko giltza, edo non eskuratu laster giltza ordezkatuko duen Irun Txartela. Nola da posible 2016ko azaroan, Facebook erabiltzeko gai den pertsona bat orain arte enteratu ez izana? Interesa agertzen du, baina badirudi ez dela gai izan egundaino bere kabuz organikorako giltza eskuratzeko.
Eta arlo askotan entzuten dut neurri ausartak hartzeko garaia dela, baina ez zait iruditzen zerga igoera ñimiño bat kritikatzea gehiegi bustitzea denik. Euro gutxi batzuk gorabehera, indarrean dauden alderdien posizio antzekoa al du Sí Se Puede-k? Alegia, bereizten duena sinbolikoki saritu, baina inposaketarik gabe, herritarrak kontzientziatzeko kanpainak egin, hezkuntzaren bidez eragin? Oraindik hor gaude?