Gutuna: "Hiltzeko era ugari dago"
Xabier Etxaniz, Gizalan Oarso Bidasoa ELAko arduradunaren gutuna, Irungo etxez etxeko zerbitzuari buruz.
Xabier Etxaniz, Gizalan Oarso Bidasoa ELAko arduradunaren gutuna:
“Horrela zioen Negu Gorriak taldeak. Eta hala da. Hil daitezke pertsonak, hil daitezke proiektuak eta ideiak. Eta hil daitezke udal zebitzuak.
Azken urteotan Irungo etxez etxeko zerbitzuetan lan egiten duten 55 langileek, eskaintzen duten zaintza zerbitzuan, ordu kopuruen beherakada nabarmen bat eman dela sumatu dute. Azken bi urteetan ordu kopurua erdira jaitsi da, eta argi dagoena da Irungo demografiaren zahartzea ez dela eten. Orduan, zer dago honen atzean? Zergatik murrizten dira etxez etxeko langileen lan orduak?
Galdera honen aurrean erantzun bat aurkitu nahian Gizarte Zerbitzuetara jo eta zera jakin dugu; bertara zerbitzu honen eskean joaten direnei, udalak eskaintzen duen etxez etxeko zerbitzuaz gain, beste enpresa pribatu batzuen eskaintza ere egiten zaiela.
Hau gutxienez bitxia bada. Zerk bultza dezake udaletxeko langile bat, udaletxeak berak kudeatzen duen zerbitzu baten “konpetentzia” sustatzera?
Ba galdera hau bera udaleko esparruko arduradunari egin genionean zera erantzun zuen, erabiltzaileek eskaintzen zitzaien zerbitzuagatik prezio baxuago bat eskatzen zutela.
Beraz, zerbitzuaren kostu edo prezioa omen da horretara bultzatzen duena.
Ongi, ba sakon dezagun pixka bat prezioen atzean benetan dagoena, zeren eta printzipioz ez da horren arraroa zerbitzua eskatzen duen pertsonak prezioa kontutan hartu nahi izatea, bakoitzak dituen aukerak ditu, eta hauei erreparatu beharko die. Baina honen aurrean udalak hartzen duen postura? Hiritarrek udal zerbitzu bat garestia kontsideratzen dutela eta okurritzen zaien konponbide bakarra merkeagoa den zerbitzu pribatura jotzeko esatea da? Nola da posible?
Hau ulertzeko ezinbestean hausnartu beharko dugu zer dagoen prezio desberdinen atzean, eta zergatik diren zerbitzu pribatuak publikoak baino merkeagoak… Eta hemen badugu zeresan ugari. Jakin badakigu, enpresa askotan zerbitzua langileen lan baldintzen kontura merkatzen dela, eta udalak ere ongi daki hau. Udaletxeko etxez etxeko laguntzako azpikontratutako langileek, borroka luze baten ondorioz, egonkortasuna eta lan baldintza duinak lortu zituzten, eta horrek noski, zerbitzuaren kostuan zuzeneko eragina dauka. Edo beste era batera esanda, udala sustatzen ari den enpresetako prezioak merkeagoak dira bertako langileen lan baldintzak askoz ere kaxkarragoak direlako.
Beraz, moraletik urrun dago udala horren jakitun izanik prekarizazio horren partaide bilakatu bada. Baina ez hori bakarrik, Udalak benetan sinestuko balu eskaintzen duen zerbitzuan ez luke halakorik egiteko ausardiarik izango. Zerbitzu publikoak benetan bermatu nahi badira bitarteko nahikoak eta erabilpenerako erraztasunak jarri behar dira, eta ez zerbitzu alternatiboak bilatu.
Baina honekin denarekin beste burutazio bat datorkigu, ez ote da izango kontzienteki udaleko azpikontratatutako langileen zerbitzua edukiz hustu nahian dabiltzala? Posible ote da udala barnetik lanean aritzea zerbitzu publikoa suntsitzeko? Agian aitzakia perfektuaren bila dabil etorkizun ez oso urrun batean zerbitzua gainetik kentzeko: “Ez dugu erabiltzailerik, beraz, ez du zentzurik zerbitzua mantzentzeak, hiritarrek nahiago dute enpresa pribatuetara jotzea…”. Eta honekin, guztiz pribatizatuta geratuko den beste zerbitzu publiko bat.
Zein gizarte eredu nahi du Irungo Udalak? Azken urteotan azpikontratazioaren dinamikaren hazkunde nabaria izan da, eta orain beste pauso bat eman nahi da. Hau al da bertako hiritarrentzat nahi duten eredua? Zer norabide darama?
Hiltzeko era ugari dago, eta langileak lanik gabe uztea, horietako bat da.
Xabier Etxaniz, Gizalan Oarso-Bidasoa ELA”