Lasterketa bukatuta, ariketa fisikoa kolpez ez etetea gomendatu du Iker Basterretxea masajista eta osteopatak. Luzamendu «suabeak eta goxoak» egitea aholkatu du.
‘Eguzkiari agurra’ ariketaren mugimenduak.
Iker Basterretxea masajista eta Thai osteopata hondarribiarrak Behobia-Donostia lasterketa bukatu eta segituan egin beharreko ariketa fisikoaz aritu da. Eskarmentua ez dio bakarrik bere ogibideak ematen; bera ere kirolzalea da.
Beretzako garrantzitsuena, lasterketa egin ondoren, “ez hoztea” da. “Lasterketa bukatu bezain pronto, izerdiz bustita dagoen arropa kendu behar da, eta arropa lehor eta eroso bat jantzi behar da”, zehaztu du.
Horrela, ariketa momentuan ez dela eten behar ohartarazi du. “Ados korrikalariak nekatuta daudela, baina ibiltzen jarraitu behar da, edo trosta oso suabean ibili behar da. Korrika edo trostan, ez da saltoka ibili behar. Oinak lurretik ahalik eta gertuen mantendu behar dira”, esan du. Arrazoi zehatz batengatik esan du hori: “Horrela artikulazioak ez dira kolpatzen. Europan ohitura dago horrela korri egiteko. Afrikarrek oinak lurretik gertuago dituzte, eta horregatik ez dituzte artikulazioak kaltetzen”.
Luzamenduak
Horren ondoren, luzamenduak egitea aholkatu du. Hori bai, kolperik eman gabe, “1970eko eta 1980ko hamarkadetako ohitura txarra” delako. “Oso txarra da: seko galarazi behar da. Luzamenduek goxoak izan behar dute, eta ariketa bakoitzean arnasketa kontrolatu behar da”.
Bi ariketa ditu gustuko. Alde batetik, yogan egiten den Eguzkiaren agurra (ikus irudia). “Zazpi ariketa dira, eta minutu batean gorputz osoa luzatzen duzu. Bitan edo hirutan egin behar da, eta ariketa bakoitzean ere bizpahiru aldiz hartu behar da arnasa”, argitu du.
Beste ariketa, hankak goraka jartzea da. “Leku goxo eta eroso batean etzan, eta hankak goraka jartzea, paretaren kontra. 90 graduko angelua lortzen saiatu behar da”, adierazi du.
Hori bai, orduan ere ez hozten saiatu behar dute korrikalariek. “Horregatik, onena da behin dutxatu ondoren egitea, etxean edo. Giharren nekea kentzen laguntzeko ona da. Lasterketa guztian oinetara joan den likido amniotiko guztia bere tokira itzultzen da modu horretara”, gaineratu du Basterretxea hondarribiarrak.