Bihar bilduko da Berdintasun Batzordea, eta orain arte gertatu ez bezala, gai zerrendan egongo da.
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna da azaroaren 25a. Data horren harira, udalak prestatuko duen adierazpen instituzionala Berdintasun Batzordean eztabaidatzeko eskatu du EH Bilduk. Hain zuzen, bihar bilduko da, eta aurten, orain arte ez bezala, gai zerrendan sartu dute.
“Ez dakigu zein izan den puntu hori gai zerrendan sartzearen arrazoia ezta zein asmo daukaten ere”, adierazi du EH Bilduk. Edonola ere, udalaren adierazpen instituzionala izango den testua eztabaidatzeko aukera eduki ahal izatea espero du.
EH Bilduk bere proposamena prestatu du. Bertan, emakumeen kontrako indarkeria guztiak salatu ez ezik, hori sorrarazten duten eragile guztien kontra azaldu da, “jendartean dauden sotilenetatik hasita, sexu eraso eta eraso fisiko nahiz erailketara arte”.
Politika publiko gehiago egon arren, indarkeria ez dela “inondik inora murrizten ari” salatu du EH Bilduk: “Desorekak indarrean jarraitzen duen bitartean, indarkeria matxista hor egongo da”. Koalizioak gaineratu duenez, “berdintasun formala” ez da nahikoa une honetan, eta aurrera jarraitu beharra dago.
Horregatik, udalari 2017ko aurrekontuetan berdintasun partida handiagotzeko eskatu dio, “aurrekontu orokorrak izango duen igoeraren neurri berean edo handiagoan”. Horrez gain, talde feministekin eta emakumeekin elkarlanean prebentzioko plan integrala egitea nahiz eraso matxisten kontrako protokoloa indartzea proposatu du.
Jaien aurretik eta bitartean kanpainak egin daitezela eskatu du EH Bilduk