Real Unionen harrobiarekin lanean dabiltzan teknikoek hedabideetara oharra bidali dute. Honakoa da, hitzez hitz:
“Real Union SAD 2012tik egoera ekonomiko zaila pasatzen ari da. Horregatik, Iñaki Berruet taldeko idazkari teknikoa antolaketa eredu berri baten lanketaren buru jarri zen, gure taldeak futbolaren erreferente izaten jarrai zezan Irunen eta Gipuzkoan. Zeregin horrek ahalegin boluntario handia eskatu zuen sortu zen lantaldearen partetik. Helburua zen sarrera ekonomikoak bermatzea gure zereginean jarraitzeko.
Bidea latza ari da izaten, eta bide horretan jendea ilusioa galtzen joan da, batzuk amore eman dute, eta beste batzuk arraunean jarraitzen dute gurea bezalako talde batek behar duen kalitatea eta maila mantentzeko, duen historiagatik, duen jokalari kopuruagatik, eta kirol arloan lanean ari diren pertsonengatik. Hala, Kostorbe Real Union sortu zen, esfortzuak gehitzeko kirol eredu berri horren alde, aparteko diru sarrerak sortuz, lan handiz eta ilusioz.
Baina Real Union SADren zuzendaritzak ez ditu eskakizun minimoak bete denbora tarte honetan. Adibidez, aurten, materialik gabe hasi dugu sasoia, eta entrenatzaileek kudeatu behar izan dituzte hainbat kasutan fitxak, kirol materiala, eta bestelako administrazio gaiak, Kirol Zuzendaritzarekin batera; hori guztia izan da klubaren zuzendaritzaren utzikeriagatik.
Zuzendaritza Batzordeak egin duena izan da klubeko zenbait langile izendatu hainbat funtzio betetzeko. Horiek ez zeuden erabat murgilduta gure errealitatean, ez zuten ezagutzen harrobiko futbola, eta gainera, kluba berritzeko sortu zen lantaldearen gainetik jarri dira, aurreko kudeaketa eredura itzultzeko, finantzazio planik aurkeztu gabe, eta beteko ez diren konpromisoak hartuz. Ez da baloratu harrobiko futbolaren koordinaziorako lantaldeak orain arte egin eta eraiki duen guztia, lanarekin eta esfortzuz egin dena, beti gehitzeko asmoarekin: emaitza onak eman ditu bide horrek, datuek hori diote, nahiz eta taldea egoera oso zailean egon. Beste era batera lan egitea antzinako akatsetara itzultzea litzateke.
Askotan bildu gera taldearen zuzendaritza taldearekin azken urteetan. Horiek konpromisoak hartu dituzte, baina ez dituzte inoiz ere egi bihurtu. Horregatik, aski da esan nahi dugu.
Real Union SADren harrobiko futboleko kideok batzarra egin genuen. Handik ateratako oharrak eta eskaerak honakoak dira:
- Kirol instalazioak gaizki eta arriskuz beteta daude kirol jarduerak aurrera eramateko. Hori kirolarientzat arriskutsua da.
- Klubak ez ditu bete harrobiko taldeekin hartutako oinarrizko konpromisoak, eta utzikeria egoera batean gaude ondorioz.
- Horren aurrean, Real Union SADren harrobiko futbolak behar adina protesta ekintzak egingo ditu. Klubaren barruan edo kanpoan soluzioen bila arituko gara era duin batean gure zereginarekin jarraitzeko, eta Real Unionen familiako partaide izan daitezen, gazteei ilusioa eragiteko borrokan”.
Real Unionen Kirol Arloko harrobiko ordezkariak. Irun.