Irungo Udalak Hondarribiko aireportuaren etorkizunaren alde egin du
Hondarribiko aireportuaren etorkizunaren alde egin du Irungo Udalak. Ezohikotasun izaera manten dadila eskatu du, asteazkenean plenoak onartzeko eramango duen testuan.
IRUNGO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA HONDARRIBIKO AIREPORTUA JARRAITZEAREN ALDE Duela hamar urte pasatxo mahaigaineratu zen Hondarribiko aireportuaren arazoa. Gune geografiko konplikatuan kokatuta dago, Bidasoaren bokalaren, paduren eta Irun eta Hondarribia herrien tartean. Urtetan, aerodromoak iraun zezan, zabaltzea beharrezkoa zela hitz egin zen, lurraldeko egitura estrategikotzat hartzen baitzen. Nazioarteko araudiak pista murriztera behartzen zuen, eta, ondorioz, haren operatibitatea. Bestela, zabaltzea exijitzen zuen, eta horren proiektua ere egin zen, baina ez zen bateragarria aireportuaren inguruko hiri-garapenarekin. 2012an, beste irtenbide baten aukera agertu zen: pistaren ezohikotasuna deklaratzea. Horrek aukera emango zuen egungo operatibitateari ezohizko baldintzetan eusteko, beste aireportu nazional eta nazioarteko batzuetan gertatzen den bezala.2014ko urriaren 31n heldu zen adierazpena, eta aireportua sustatzearen aldeko apustua egiteko unea izan zen, aire-bide berriak ezarriz, baita udakoak ere, eta amaitutzat eman zen murriztu behar hura. Hala ere, aurtengo uztailean, jakin genuen ezohikotasun hura soilik aldi baterako zela eta nahitaez Europako Araudira egokitu beharra zegoela berehalakotasunez. Eta araudi horrek exijitzen du Hondarribiko pista murriztu egin behar dela bai ala bai, 150 metro mutur bakoitzean, AENAk adierazi duenez. Erabaki horrekin, aireportuak irauteko dauzkan aukerak mugatu egiten dira nabarmen. Aireportuak Gipuzkoako eta inguruko enpresei eta herritarrei zerbitzua ematen die, eta turismorako ere ate garrantzitsu bat da, eta, batik bat, zuzenean lana ematen die berrogeita hamar bat laguni, eta, zeharka ere, enpleguak sortzen ditu. Honen guztiaren ondorioz, azken asteotan albiste txar gehiago izan ditugu. Esaterako, Vueling enpresak, aireportuan jarduten zuen, bere hegaldiak kendu egingo dituela iragarri du. Baina, paradoxikoki, aerodromoa bidaiari-kopuruan hazi egin dela ere jakin dugu, esaterako, aurtengo lehenengo 8 hilabeteetan %3,3 hazi da 175.272 bidaiari izanda. Abuztuan, ia 600 eragiketa egin ziren; iaz baino %1,5 gehiago; alegia, %5,1 igo dira orain arteko eragiketak, 2015earekin alderatuta. Horrek pentsarazi egiten du nolako garrantzi estrategikoa eta ekonomikoa duen azpiegitura horrek. Horregatik guztiagatik, Irungo Udalak erabaki du:
-
Iritzita aireportua azpiegitura estrategikoa dela Gipuzkoarako, lurraldearen ekonomiarako garrantzitsua baita, aireportuak jarraitzearen aldeko apustua egiten du, eta Ezohikotasunaren Adierazpenari eustearen alde dago; eta baita egungo neurriak mantenduz haren etorkizuna bermatzeko beste edozein formula teknikoren alde ere.
-
Sustapen Ministerioari eskatzen dio azal dezala zergatik adierazi zuen 2014ko urriko ezohikotasun hura aldi baterako zela eta orain bateraezina gertatzen dela Europako araudiarekin.
-
Sustapen Ministerioari eskatzen dio elkarrizketa-bideak ireki ditzala lurralde inplikatuetako instituzioekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta han diharduten aire-konpainiekin, dagoen informazio guztia partekatzeko eta Hondarribiko egungo aireportuaren bideragarritasuna bermatze aldera lan egiteko.