Hondarribiko Zumardi abesbatzak hamar urte bete ditu eta Lezoko eta Errenteriako beste hiru koru gonbidatu ditu larunbatean abesteko.
Zumardi abesbatza, herri-kanta jaialdi batean abesten
Hondarribiko Zumardi abesbatzak hamar urte beteko ditu aurten eta hainbat ekitaldi antolatzen ari dira “epe labur bezain emankorra” behar bezala ospatzeko. Hala, neguko ohiko ekitaldiak —eguberri, urtezahar eta errege egunak—, bereziak izango dira aurten, eta gogo biziz entseatzen ari dira horretarako. Baina horiez gain, beste bi jarduera antolatu dituzte urtemugaren harira.
Batetik, abesbatza topaketa egingo dute aste honetako larunbatean, hilak 22, arratsaldez. Zumardiz aparte, beste hiru koruk parte hartuko dute, Lezoko Sutargi eta Aiton Borda, eta Errenteria-Oreretako Telleri Alde. Lauak kalez kale ariko dira seietatik aurrera eta, ondoren, kontzertua emango dute Portuko elizan 20:15ak aldera hasita.
Bestetik, azaroaren 12an, hamargarren urtemugako kontzertu berezia eskainiko dute Kultur Etxeko areto nagusian.
Xedea, kantuzaletasuna zabaltzea
Hamar urte beteko ditu aurten Hondarribiko Zumardi abesbatzak, eta beste hamarkada bat helduko diote hurrengo urtean. Adierazi dutenez, sorrerako helburutik aldendu gabe jarraitu nahi dute bidea: “Abesbatzak helburu garbia izan du bere sorreratik, euskal eta euskarazko kantuen ezagutza eta gustoa zabaltzea hurbiltzeko nahia duen ororen artean”.