Eta nik, zer egin nezake? (II)
Esaten nuen Irungo alde zaharrean bizi naizela duela hilabete pare batetik. Erosketak nonbait egin behar, eta hainbat aukera ditugu auzoan, eta aukerarik onena egiten saiatzen da bat, mundu hobe baten alde-edo. Auzoko denda klasikora joaten zara, denetik pixkat duena. Baina arriskatu egiten zara, bai baitakizu agian ez dutela izango behar duzun zerbait, are iraungitzen ez […]
Esaten nuen Irungo alde zaharrean bizi naizela duela hilabete pare batetik. Erosketak nonbait egin behar, eta hainbat aukera ditugu auzoan, eta aukerarik onena egiten saiatzen da bat, mundu hobe baten alde-edo. Auzoko denda klasikora joaten zara, denetik pixkat duena. Baina arriskatu egiten zara, bai baitakizu agian ez dutela izango behar duzun zerbait, are iraungitzen ez den zerbait, demagun, komuneko papera. Eta nekez botako diogu errua kapitalismo basatiari kasu horretan.
Eta etxetik gertu, oso gertu, txirrindan minutu batera, supermerkatua ireki digute duela hilabete batzuk. Oso txukuna da, eta denetik dute. Eta ez da auzoko comestibles eta ultramarinos dendetako denetik bera; beste denetik mota bat da, handiagoa, osoagoa.
Batzuetan ez da erraza izaten koherente izatea, baina gero eta gehiago gertatzen zait ez dakidala zer litzatekeen koherenteena. Adibidez, etxe ondoko BMn (argi hitz eginda) bertako produktuak ere saltzen dituzte, bertako ekoizleei (ia)zuzenean erosiak, eta horietako batzuk ekologikoak ere badira. Etxe azpiko denda txikian ez dute halakorik saltzen, baina komertzio txikia da, auzokoa, eta defendatu beharra dago, ez?
Pentsatzen dut BMko langileak baldintza kaxkarretan ari direla lanean, eta egiten dizkiegun erosketa oparoek goiko batzuk baino ez dituztela aberasten. Ahapaldi honen izenburua izan liteke: Kapitalismoak ekologismoarekin talka egiten duenean.
Poltsak etxetik eramaten saiatzen zara, plastikorik ez erabiltzeko. Denda txikietan zenbat borroka, poltsarik ez jartzeko; baina zaindu behar zaituztela-eta, behartu egiten zaituzte maiz, eta hori ere ez da plana. Supermerkatuetan bost axola zaie. Are gehiago, ingurumena zaintzeko politikak dituzte, eta zentimo gutxi batzuetako deskontua egin ohi dizute poltsarik ez hartzeagatik. Edo, ingurumena zaintzeko aitzakiarekin, zuzenean poltsak kobratu, eta tortillari maisuki buelta emanez, hortik eskrupulurik gabeko etekinak lortu.
Baina bestetik, erosleak ere baditu bere maniak, eta niri erosketak euskaraz egitea gustatzen zait. Eta auzoko dendak ez dit hori eskaintzen, eta badakit datozen urte luzeotan ez didala eskainiko. Eta ez naiz ni hasiko nire amaren adina duen dendariari erakusten hau le-txu-ga, eta bestea o-gi-a, eta hura in-di-oi-lar bu-lar-ki-a direla. Bere kasa ere ez du euskara ikasiko, gaur egun agur bat ere nekez ateratzen diodan emakumeak. BMko langileen erdiek-edo zerbitzua euskaraz ematen dute.
Eta esaten nuen gustatzen zaigula hitz potoloei buruz hitz egitea, dela kapitalismoa, dela ekologismoa. Eta G8 bilerak nahieran larrutzen ditugu, eta sistemarekin ere ez gaude pozik. Norbaitek maltzurki esan lezake, nik zer dakit, astakeria bat esate aldera, diskurtso altermundialistak ere gizonek eraikiak direla.