GipuzkoAround, Gipuzkoari itzulia sei minutuan

gipuzkoaround irun

Lana egin dutenak, Irunen, lagun eta senideekin.

Euskal Herria dantzan jarri zuten lehendabizi, eta orain, Phileas Fogg balira bezala, Gipuzkoari itzulia eman diote lau egunetan, 89 udalerriak —bai, Itsaso ere— zapalduz.

Maria Rubio, Iker Zaballa, Javi Iribarren eta Iñaki Goikoetxea irundarrek GipuzkoAround proiektua aurrera eraman dute, eta pasa den astelehenean estreinatu zuten horren emaitza: sei minutuko bideoa. Goikoetxeak gogorarazi duenez, orain dela sei urte Dancing in the Basque Country bideoa egin zuten, eta milioi erditik gora erreprodukzio izan dituzte Youtuben.

Antzeko zerbait egitea otu zitzaien. “Ni kanpoan bizi naiz, eta behin hitz egiten ari ginela, esan genuen ea zergatik ez genuen bideo bat egiten Gipuzkoako hainbat herritan… ‘Zergatik ez ditugu denak egiten 24 ordutan?’ esan nien gainontzekoei”, azaldu du Iribarrenek. Udalerri bakoitzerako proposamenak jasotzeko kanpaina hasi zuten sarean, baina badaezpada eurek ere osatu zuten hainbat txokorekin osatutako zerrenda.

Ideia aurrera joan zen, eta Energia Olatuak proiektuaren babes ekonomikoa jaso zuten —2.000 euro—, lehenengo aldian ezezkoa jaso ondoren. “Konpromiso bat hartuta genuenez, bete egin behar genuen”, nabarmendu du Goikoetxeak.

Grabaketa, uztailean
24 ordutan beharrean, lau egunetan grabatu zuten bideoa, erronka potoloegia zelako. Taldeko lau kideak elkar zitezkeen data bat aurkitu behar zuten, eta uztailaren bukaera egokitzat jo zuten. “Bera [Iribarren] Abu Dhabin bizi da, ni kazetaria naiz eta mila kontutan nabil, beste bat begiralea da… Udarako lau egun behar genituen, eguraldiagatik”, zehaztu du Goikoetxeak.

Bi zailtasun ikusi zizkioten proiektuari: bata, nola egin ibilbide bat leku guztietara joan ahal izateko, eta bi, bideoaren zati guztiak nola lotu. “Oso pentsatuta eraman behar genituen gauzak, musikarekin lotzeko. Buruhauste handia izan zen”, gaineratu dute GipuzkoAroundeko kideek.

Taldean lau lagun izanda, baina, zailtasun handia edukiko zuten proiektua eurek bakarrik aurrera eramateko. Ingurukoei laguntza eskatu zieten, tartean Aritz Salamanca eta Idoia Lazaro dantzari lezoarrei eta Irungo Tukutun taldeko txalapartariei. “Dantzariek ez zuten zailtasun handiko ariketarik egin behar izan, baina txalapartariena lan nekeza izan zen”, baietsi du Goikoetxeak.

“Herri batera iristen ziren, txalaparta deskargatu, muntatu, jo, jaso eta hurrengo herrian gauza bera egiten zuten”, gaineratu du. Irisgarritasuna erraza izatea bilatu bazuten ere, txalapartariek toki aldenduagoetan jo behar izan zuten: Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan, Debako hondartzan edo Zumaiako San Telmo baselizaren parean.

Azken toki horretan, gainera, gauza kurioso bat gertatu zela azaldu dute. Iribarren: “Txalaparta muntatu, pieza jo eta azkar-azkar mugitzen ginen beste leku batera. Zumaiako toki horretan Ocho apellidos vascos filmaren zati bat grabatu zuten, eta turista are gehiago erakartzen ditu orain. Pieza jo, eta han zeudenak ‘Beste bat’ oihukatzen hasi ziren. Barregarria izan zen”.

Zazpi lagun finko
Gipuzkoako itzuliak iraun zuen lau egunetan, zazpi lagunek osatu zuten talde finkoa. Hala ere, momentu batzuetan lagunak hurbiltzen zitzaizkien, eguneko plana egiteko asmoarekin.

Erosotasuna bilatze aldera, etxera bueltatu beharrean, ibilbidean zehar hartu zuten ostatu. Zehazki, Zerainen, Beizaman eta Bergaran. Zerainen —baita beste herri batzuetan ere— inprobisaziorako aukera izan zuten. Ostatuan lan egiten zuen emakumeak esan zien bera bolo jokoan aritzen zela. Herri horri dagokion zatia, beraz, bolatokian grabatu zuten, berarekin batera.

Beizamako nekazalturismo etxe batean ere ostatu hartu zuten. “Egun osoa grabatzen pasatu ondoren, atseden hartzeko gogoa geneukan. Afaldu eta lo egiteko asmoz joan ginen ostatura, eta ezkontza batekin topo egin genuen. Eurekin trago pare bat hartu eta hitz egiteko aprobetxatu genuen”, gogorarazi du, atsedenaldia erabatekoa ez zela izan adierazten duen keinuarekin.

Gipuzkoako hego-mendebalde horretan izan zituzten lokalizazioak aurkitzeko zailtasunik handienak: “Goierri eta Tolosaldeko turismo bulegoek ere asko lagundu gintuzten. Proiektua hastean, udal guztietara idatzi genuen, egitasmoa azalduz. Eurek ere babestu gaituzte, batzuetan teknikariren batek eta besteetan alkateak berak”.

Herri txiki askotako ohiko bizimodua aztoratu zuten behin baino gehiagotan. “Orendain bezalako herri txiki batera hiru auto iristen dira”, esan du Goikoetxeak, “kamerekin eta abar jaitsi, grabatu eta alde egiten dute. Jendeak galdetzen zigun ea zertan ari ginen… Bada orain jakin dezakete zertan ari ziren haiek! [kar-kar]”.

Une dibertigarri gehiago izan zituztela ziurtatu dute bi irundarrek. Horrela, Astigarragan betetako sagardo edalontziarekin Hernanira joan zirenekoa, edo Tolosaldeko babarrun platera autoan alde batetik bestera eraman behar izan zutenekoa.

gipuzkoaround irun

Lana egin dutenak, Irunen, lagun eta senideekin.

Gipuzkoa ezagutaraztea
Pasa den astean bukatu zuten bideoaren muntaketa. Onartu dute akats txikiren bat egon daitekeela. “Duela bizpahiru hilabete grabatu genuen, eta uste genuen ongi geldituko zela. Ikusi eta tira, badaude zati batzuk ez direla guk nahi bezala geratu. Baina ez gara profesionalak, ezin dugu telebistako bideo bat egin”, aldarrikatu du Goikoetxeak.

Kontuak kontu, lortutako emaitzarekin gustura daude irundarrak. Bideoa ez ezik, euren webgunean ere hainbat gauza gehiago ikusteko aukera dago (Facebooken bideoko betaurrekoak zozkatuko dituzte). Adibidez, grabatu diren txokoak zeintzuk diren ikus daiteke. Goikoetxea: “Munduko beste puntu batera joateko plan bat egiten duzu, Gipuzkoako herri asko ezagutu ere egin gabe. Saiatu gara herriak bideoan agertzen diren bizpahiru segundo horietan kuriositatea pizten: ikusleak bere buruari agertzen den hori zer den galdetzea, joatea eta ikustea”.

Lehenengo urratsa emanda dute. Hurrengoa, bideoa ikusi dutenengan euren herrialdea hobeto ezagutzeko grina sortzea izango da.

 

Bidasoa eta Oarsoaldera, lehendabizi

Lau egunez 89 udalerritan egotea ez da ezinezkoa dirudien zerbait, baina zailagoa da horietako bakoitzean grabaketa txiki bat egin behar baldin baduzu. Horretarako, ordena bat jarraitzea biderik motz eta errazena.

GipuzkoAroundeko kideek argi zuten, proiektuaren hastapenetatik, Donostian hasi eta bukatu behar zuela bideoak. Hortik, baina, nora jo erabakitzea zen hurrengo urratsa, eta etxe aldera joatea erabaki zuten irundarrek.

Horrela, kostatik Lezo eta Pasaia pasatu, eta ondoren Hondarribira iristen dira bideoan. Ondoren, barrura aldeko bidea hartzen dute, Irundik eta Oiartzundik. Errenteria-Orereta pasatuta, Astigarragako bidea hartzen dute.

Turismo bulegoa
Oarsoaldeari dagokionez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntza jaso zuten. Zehazki, Eider Calderonen babesa eskertu dute: “Hasieratik asko lagundu gaitu. Esan genien guk ez dugula ezer ere ez irabaziko honekin. Eskualde osoan lagundu gaituzte, eta tokiak zehazten lagundu gaitu”.

Horrela, Lezon zalantzaren bat edo beste zuten zein toki aukeratu, eta Calderonen laguntzarekin, portua aukeratu zuten. Ohiko tramite burokratikoak gainditu behar izan zituzten. ”Pasaiako Portu Agintaritzakoekin hitz egiteko esan ziguten”, zehaztu du Goikoetxeak, “baina justu kai hori Algeposarena da. Algeposakoekin hitz egin, eta lehenago azaldu behar izan genien bilera batean zein zen proiektua. Gero baimena eskatu behar izan genuen, autoaren matrikulak eman eta abar. Azkenerako iritsi ginen kaira”.

Pasaian, berriz, Albaolan grabatu zuten udalerriari dagokion zatia. Egun batzuk lehenago deitu zuten bertara, eta bidai orriak aurreikusitako denbora baino beranduago irekitzen zutela esan zieten. “Hala ere”, gaineratu dute Goikoetxea eta Iribarrenek, “langile bat bere ordutegiak agintzen ziona baino lehenago hurbildu zen bertara, eta atea ireki zigun. Jendea oso ongi portatu da gurekin, eta eskertzen dugu”.

Oiartzuni dagokionez, Arditurriko meategien barruan hartu zituzten irudiak, eta hango langileen adeitasuna ere eskertu dute.

Errenteria-Oreretari dagokionez, madalenetan murgilduta zeuden —zehazki, Kuadrillen Eguna ospatzen ari ziren—, eta herrian aparkatzea zaila egingo zitzaienez, San Marko gotorlekua aukeratu zuten grabaketa egiteko.

Bidasoan, hurbilekoekin
Hondarribiari dagokion zatia, berriz, Gipuzkoa plazan grabatu zuten. GipuzkoAround proiektuko kideak ez ezik, hainbat lagun eta senide ere agertzen dira bertan. “Hasiera batean, arraun elkartearekin eta abarrekin hitz egin behar genuen, baina azkenean koordinazio lan handiegia izango zen. Larunbat goiza zen, eta horregatik agertzen da jende gehiago”, azaldu dute.

Egun berean grabatu zuten Irunen, eta bertan ere, familia eta lagunez gain, Ondare Kultur Elkarteko kideak ere izan ziren, buruhandiekin. Horko grabaketara ere senide eta lagunak batu zitzaizkien.

San Juan Arria plazan grabatu zuten, nahiz eta beste proposamenik iritsi zitzaien: “Aiako Harrian dagoen ur jauzia ateratzeko eskatu ziguten batzuek, baina egun batzuk lehenago tokia ikustera joan ginen eta autoarekin iristea nahiko zaila zela ikusi genuen”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend