Abstentzioa oso altua izan da herrian, 2012an baino 7 puntu handiagoa.
Abstentzioa zazpi puntu altuagoa izanik ere —%34,10ekoa 2012an eta %41,26koa aurten—, boto kopurua ia berdindu dute jeltzaleek, portzentaian %47,59tik (2012an) 48,17ra pasatuta. Hala, hamar hondarribiarretik ia 5ek eman diote botoa EAJri. EH Bildu oso urruti geratu da, eta behera egin du —%24,74 2012an eta %20,52 aurten—, baina Elkarrekin Podemosen mehatxuari izkin egin dio eta, nabarmen, Hondarribiko bigarren indarra izan da koalizio abertzalea.
EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosena dira botoen %10a gainditu duten hautagaitza bakarrak. Alderdi morea indartsu sartu da Hondarribian, ia PPren eta PSE-EEren botoen batuketa berdintzeraino. Nagua Albaren aldekoek 1.088 boto pilatu dituzte Hondarribian, PSE-EEk baino 506 gehiago.
Sozialistak izan dira kolpe handiena hartu dutenak. Izan ere, hirugarren indarra izatetik laugarren izatera pasatzeaz gain, bost puntu galdu dituzte, eta asko murriztu da popularrekiko zuten aldea. 2012an PPk baino 407 boto gehiago lortu zituen PSE-EEk, eta aurten 38 bakarrik. PP botoetan eta portzentaian jaitsi egin da, baina ez sozialistak adina.
Gainontzeko alderdiak oso atzetik geratu dira eta Ciudadanos izan da %1aren gainetik geratu den bakarra. Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeetan Albert Riveraren alderdiak 129 boto lortu ditu Hondarribian.
Hondarribiko emaitzak. %100a zenbatuta
- EAJ. 3.849 boto. %48,1
- EH Bildu. 1.640. %20,5
- Elkarrekin Podemos. 1.088. %13,61
- PSE-EE. 582. %7,28.
- PP. 544. %6,80.
- C’S. 129. %1,61
- PACMA/ATTKAA. 59.
- Ganemos Si se Puede. 50.
- PFyV. 26.
- Recortes Cero. GV. 13.
- Libertate Nafarra. 9
EAJk irabazi ditu hauteskundeak Hondarribian, botoen ia erdiarekin