Liztor beltza jada ez da Asiakoa
Hondarribiko Nestor Basterretxea kalean 24 orduan baloi baten tamainako habia egin dute liztor beltzek.
Nestor Basterretxea kaleko teilatu-hegal batean sortu dute habia
Asiako liztorra zen iritsi zenean, baina dagoeneko hemengoa ere bada. Liztor beltza (
Vespa velutina) ugaritzen ari da gure inguruan, ia-ia Euskal Herri osora zabalduta dago eta, Bidasoan, ohituak gaude haiek ikusten. Ohituak, baina ez lasaituak.
Asteburuan Nestor Basterretxea kaleko teilatu-hegal batean habia egiten hasi ziren. “Egun batetik bestera baloi baten tamainako habia egin zuten”, adierazi dute bizilagunek.
Udaltzaingora abisua eman zuten eta udaltzainek protokoloa abiatu zuten. Habia ikuskatzera joan ziren eta aste honetan kenduko dute liztor beltzen habia. Bitartean, jo eta su ari dira intsektuak, erreginaren zerbitzura lanean.