Arrieta, joan den astean, The Modern Hotel ostatuko murala sortzen
Boiseko (Idaho, AEB) The Modern Hotel and Bar ostatuan
The Wonder Stories (
Istorio harrigarriak) mural erraldoia margotu du Judas Arrieta artista hondarribiarrak. Muralean, Euskal Herritik Idahora joandako artzaien istorioak hartu ditu Arrietak abiapuntu gisa: “Txikitan familian edota lagunen artean entzundako istorio hauek mendebalde urruneko istorioekin nahasi ditut, bakero eta indioak, esploradoreak, pioneroak, urre bilatzaileak, mendiak eta animali basatiak,…”, adierazi du artista hondarribiarrak. Aste honetan bukatu du lana eta irailaren 1ean inauguratuko dute, ostegunarekin.
Tullis familiak kudeatzen du Boiseko The Modern Hotel and Bar eta Reagina Bastida amona zutenaren omenez egonaldi artistikoak antolatzen ditu. “Regina Bastida, Tullis familiaren amona da —azaldu du Arrietak—, 1940ko hamarkadan Euskal Herritik Estatu Batuetara etorrikoa. Nampan (Idaho) The Modern Hotel ireki zuen emakumeak eta artista eta musikariak beti ongi etorriak izaten ziren”. Nonbait, Bastidaren ilobek amonaren ohitura onari eutsi diote eta, artistak besoak zabalik hartzeaz gain, amonaren sorterriari keinu egin diote, Arrietari muralaren bitartez.
Bi urtean hiru aldiz
Iazko uztailan egon zen Arrieta Boisen aurrenekoz. Hango euskal diasporak antolatuta, jaialdi erraldoia antolatzen dute bost urtean behin, eta 2015 urtekora bidaiatu zuen hondarribiarrak, Ming Studios arte galeriak gonbidatuta. Jaialdiaren aurreko egonaldian hainbat margolan sortu zituen eta
Boiseland erakusketa muntatu zuen Ming Studios aretoan eta hainbat tailer eskaini zituen; arrakasta handia izan zuelarik.
Erakusketa jartzeaz gain, harremanak egin zituen artistak Idahon eta, gerora, maiatzean, Modern Art Festival jaialdirako itzuli zen. Bigarren bidai horretan hitzartu zuen The Modern Hotel and Bar ostatuan mural erraldoia margotzea.