[Aurrerapena] Balazta, arinago joateko
Bizikleta erabiltzaileen Balazta plataforma sortu dute. Amute-Mendeluko enbutua askatzea izango da euren lehen helburua.
Hondarribiko eta Irungo bizikleta erabiltzaileak batu nahi ditu Balazta plataformak
Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Balazta plataforma aurkeztu dute gaur Hondarribian. Hogeita hamar bat kidez osatua dago, eta horietako batzuk elkartu dira aurkezpenean. Kasino Zaharreko lorategian egin dute agerraldia, eta lurrean bidegorri zati bat jarrita, Hondarribian eta Irunen bizikletaz lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta bidegorri sarea osatzeko eskatu diete erakundeei.
Plataforma irekia da Balazta, eta “bizikletaren erabilera sustatzea hiri-garraiobide gisa” bilatu nahi du. Helburu horrekin bat datozen hondarribiar eta irundarrei deia luzatu diete, beraiengana hurbildu daitezen.
Aurkezpenean Kote Guevara Balaztako kideetako batek aurreratu duenez, aurki Hondarribiko alkatearekin elkartuko dira eta, besteak beste, Amute eta Mendelu auzoen artean eta Mendelutik Irunera iristeko bizikleta zaleek dituzten arazoez mintzatuko dira. Balazta plataformak gaur gogorarazi duenez, badira hainbat proiektu enbutu horri soluzioa emateko xedea dutenak. “Ez dugu ezer berririk nahi, dauden proiektu horiei heltzea nahi dugu, irtenbidea arindu”, adierazi du Guevarak.
Aldarrikapenerako sortu da Balazta plataforma, bizikleta garraiobide bezala erabiltzeko eskubidea aldarrikatzeko. Baina aisialdirako asmoak ere badituzte, nahiz eta oraindik ez duten ezer zehaturik. Hondarribiko jaien ondoren berriro elkartuko da Balazta plataforma eta aurrera begirako helburuak zehaztuko dituzte orduan.