Craft & Dotore proiektuaren bidez, hamar saltoki, hamar sortzaile eta hamar lanbide zahar harremanetan jarri ditu Bidasoa Bizirikek.
Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Bizirikek Craft & Dotore proiektua abiatu dute aldundiaren diru laguntzarekin. Uztailaren 9ra arte, herriko hamar saltokik beste hainbeste sortzaileren lanak erakutsiko dituzte, euren erakusleihoetan (ikusi beheko galeria). “Sormen lan horiek erakusleihoaren diseinuan txertatuak egongo dira —azaldu du udalak—, eta erakusleiho bakoitzaren gaia, gogoratu nahi diren antzinako lanbide horietako bat izango da. Guztietan, diseinu modernoaren aldeko apustua egin da, denda bakoitzaren estiloarekin bat etorriz”.
Erakusleihoetan aurkitu daitezken lanek herriari lotutako antzinako lanbideak irudikatzen dituzte, hori bai, lan bakoitza zer lanbideri lotuta dagoen zehaztu gabe. Hala, egitasmoak merkataritza eta artisautza sustatu nahi ditu, baina herritarrei eta bisitariei aisialdirako aukera ematen die, Ofizioen Erakuslehia-ren bitartez.
Bidasoa Bizirik esku-orriak banatzen ari da —dendetan dagoeneko eskuratu daitezke—, eta horietan saltoki bakoitzean zein ofizio ordezkatuta dagoen idatzi behar da. Asmatzen dutenen artean Craft & Dotore kanpainarekin bat egin duten komertzioetan erabiltzeko erosketa txartelak zozkatuko dituzte, eta, era berean, erosleek erakusgai dauden lanak irabazteko aukera izango dute.
Hondarribiko Udalak erantsi duenez, Craft & Dotore proiektua, enplegua sustatzeko helburua duen Hondarribia Abian ekimenean kokatzen da eta Hondarribia Craft-ekin hasitako lanari jarraipena ematen dio.
Saltokiak eta sortzaileak
- Higer Optika – Paperki.
- Naïf – Kromosoma.
- Isabel Moda – Axalian, tailer kreatiboa.
- Done Pedro – Igor Obeso.
- Hache – Lupe Amunarriz.
- Joxean Harategia – Lander Urkia.
- Boutique Canela – Menina.
- Concervas Hondarribia – Idoia Amunarriz.
- Polita – Martina Menke.
- Apar jantziak – Yolanda Joyita.
Asmatu behar diren lanbideak
- Itsasertzeko arotza.
- Frozaina.
- Beiragilea.
- Upelgilea,
- Abarketaria.
- Amu-arrantzalea.
- Saregilea.
- Baserritarra.
- Lisatzailea.
- Sokagilea.