Hondarribia, bigarren, Espainiako Estatuko kostako herrien zerrendan
Trivago prezio bilatzaileak hondartza herri baloratuenen zerrenda kaleratu du. Marrorcako Playa de Muro da baloratuena eta bigarrena Hondarribia.
Lehen postua galdu du Hondarribiak, baina tarte oso txikiagatik
Trivago.es prezio bilatzailearen arabera, hondartza duen bigarren herri baloratuena da Hondarribia, Mallorcako Playa de Muro herriaren atzetik. 80 herri baloratuenen zerrenda ezagutarazi du gaur Trivago Interneteko atariak. Erabiltzaileen iritzien araberako sailkapena da, hau da, hondartza duten herrietan lotarako lekua Trivagoren bidez erreserbatu duten erabiltzaileen balorazioak hartzen ditu kontuan.
Lehen bi herrien artean apenas dago diferentziarik —84,53 puntu jaso ditu Murok eta 84,35 Hondarribiak—. Hirugarren tokian Galiziako Ribadeo herria azaltzen da, pixka bat urrutiago (83,29 puntu).
Iaz ere Muro eta Hondarribia sailkatu ziren lehen bi postuetan, baina Gipuzkoako herriarentzat izan zen lehen tokia. Ribadeok iazko hirugarren postuari eutsi dio. Iaz Hondarribiari eman zioten balorazioa aurtengoaren oso antzerakoa izan zen: 84,45 iaz eta 84,35 aurten.
Prezio bilatzaile ezaguneko erabiltzaileen arabera, Hego Euskal Herriko kostaldeko destino hoberena da Hondarribia, eta alde handiarekin gainera. Are gehiago, gaur ezagutzera eman duten 80 lekuetako zerrendaren barruan dagoen euskal herri bakarra da Hondarribia.