Hondarribiko dendak, salgai
Portuko merkatariek kanpaina abiatu dute, udalari ibilgailuen trafiko librea eta errotazioko aparkatzeko sistema eskatzeko.
Saltokiak itxi behar ez izateko neurriak eskatzen dituzte
Hondarribiko Portu auzoko dendak ‘salgai’ daude. Hori adierazten dute behintzat joan den astetik saltokietako erakuslehioetan ageri diren kartelek. Hondarribiko Udalaren kontrako kanpaina barruko kartelak dira. San Pedro kaleko obrako azken fasea bukatuta kalean ibilgailuak sartzea debekatu du udalak, eta horrek, merkatarien arabera, kalte handia eragiten die, herritarrak ezin baitira autoz hurbildu Portuko saltokietara.
Kartelekin, neurriak hartu ezean komertzioak salgai jarri beharko dituztela salatzen dute merkatariek, eta udalari bi eskaera egiten dizkiote: Santiago eta San Pedro kaleen lehen zatian —Correosetik Kai-Alde pareko bidegurutzeraino— autoak sartzen uzteko eta Portuan ibilgailu guztientzako errotazioko aparkatzea ezartzeko.