Agurrak luzeak dira Katsikasen. Lagun asko utzi ditugu atzean, inoiz ahaztuko ez ditugunak.
Haurrek ere atera nahi izan dute Katsikaseko azken argazkian
Atzoko arratsaldeko zazpiak eta erdietan irten genuen azkenengoz kanpalekutik. Lehenago egiteko asmoa genuen, azken orduko tramiteak lasai burutu ahal izateko, baina ezinezkoa izan zitzaigun zehaztutako orduan alde egitea. Agurrak luzeak izaten dira Katsikasen.
Lagun asko geratu zaizkigu atzean. Batetik, ahaztuko ez ditugun boluntarioak, a ze kuadrila, mundiala! Erabaki handiak hartzen dituztenek egun bat igaroko balute haiekin, dena errazagoa izango litzateke. Ez zen gerrarik egongo, ezta infernua dirudien kanpalekuen beharrik ere. Eta bestetik, inoiz ahaztuko ez ditugun errefuxiatuak, eta bereziki, haurrak. Horiek ere han utzi ditugu.
Greziako kanpalekuetan bizi diren haurren begirada ezin da hitzekin azaldu, ezta argazkiekin ere. Begiradarekin seduzitzen zaituzte, badakizu zu engainatzen saiatzen ari direla bigarrenez puxika eskatu eta lehenengoa dutela esaten dizutenean. Nola ukatu puxika bat begi horiekin eskatzen badizute? Nola esan ezetz bigarrenez afaldu nahi badute? Katsikaseko haurrek tranpatxoak egin dizkigute, eta gezurretan ere aritu zaizkigu, batzuetan, nahi zutena lortzeko.
Baina, bonbaketen marrazkiak egiten dituztenean, hamar urteko neskatilak ama Egeoan galdu zuela kontatzen dizunean, une horietan ez dute gezurrik esaten. Begi ederrak dituzte Katsikasko haurrek, eta irribarre distiratsuak. Ia guztiek. Baina badira irribarrea betirako galdu dutenak ere, kotxeko maleteroan sartu eta atera nahi ez zuen neskatila hura bezalako umeak. Inoiz ez ditugu ahaztuko negar malko haiek, masailetan behera.
Ume batek Katsikaseko eskolan egindako marrazkia
Panorama beltza utzi dugu Katsikasen, 1.050 drama bata bestearen atzean, denboran gehiegi luzatzen ari diren ametsak. Baina, gutxi bada ere, badakigu zerbait arindu dugula haien oinazea.
Astelehenean Hondarribitik Greziara bidaiatu zuten emakumeek arrastoa utzi dute Katsikasko errefuxiatuen kanpalekuan. Han geratu da eskegitako ikurrina, boluntarioen hangarrean jarri den lehen bandera. Eta han geratu dira Hondarribian bildutako arropak ere. Eta bihotz zatitxoren bat ere bai, ez baitugu astirik eduki puska guztiak jasotzeko.