Txakurrek parke berria izango dute Osinbiribilen
Txakurrak aske ibil daitezkeen gunea itxita egongo da.
Osinbiribil parkean egun duten gunea tokiz aldatuko du Irungo Udalak, eta berria ere parkean bertan egongo da. Udalak jakinarazi duenez, Dunboako auzo elkarteak egindako eskaera izan da. Toki berria egungo gunetik metro gutxitara dago, bariantearen alboan eta 2014ean jarritako mahai eta banku batzuen ondoan.
Horrez gain, txakurrak aske ibil daitezkeen gunea itxita egongo da, “hainbat erabiltzailek eskatutako moduan”, eta horretarako, egungo hesia baliatuko dute.
Udalaren arabera, gune berritik gertu ere apo lasterkariaren haztegi berriak jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horiek ere kontuan hartu dituzte txakurrentzako gunea jartzerako garaian.