DBLren dirua pertsona guzti horien gizarteratzera zuzendutako dutela defendatu du EAJk.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018rako DBL Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza kentzeko asmoa iragarri ondoren, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du laguntza hori berreskuratzeko eskatuz. Hain zuzen, gaur bilduko da Udalbatza apirileko osoko bilkuran.
Horri lotuta, aldundiak “argudio xenofoboak” erabili izana salatu du koalizio abertzaleak, eta gogorarazi du erakartze efektua aipatu zuela, “badakienean onuradun kopurua egonkortu egin dela”. Hala, aldundiak “Marotoren bidea” hartu duela iritzi dio.
EH Bilduren arabera, 1.422 familia unitatek jasotzen dute laguntza berezi hori, eta familia horietan 700 ume daudela.
Laguntza hori 2012an onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, urtebete lehenago, Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erroldatze denbora urtebetetik hiru urtera igo ondoren. EH Bilduren arabera, horren ondorioz, babes sistematik kanpo geratu ziren pertsona asko. Gogoratu du gizarte ongizatea herritarren eskubidea dela.
EAJ: “DBLren dirura gizarteratzera zuzenduko da”
Irungo EAJk ez du bat egin EH Bilduren mozioarekin, batik bat bi alderdien artean “eredu talka” dagoela uste du, eta koalizioak “erroldatuta egotearekin nahiko den prestazio ekonomiko bat” defendatzen duen bitartean, talde jeltzaleak “gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek aurrera egin dezaten baliabide eta laguntzak bultzatzen dituen sistema bat” bermatzen duela.
Horrenbestez, DBLren dirua, 11 milioi euro inguru, pertsona guzti horien gizarteratzera zuzendutako dutela azaldu du, Elkar-Ekin planaren bidez.
Horrez gain, Xabier Iridoy bozeramaileak esan du ez dela egia 1.400 lagun eta 700 familia babesik gabe utziko dituztela, “Gipuzkoan bizi diren, laguntza hauek jaso izan dituen eta adin txikikoak dituzten etorkin familien babesa bermatzeko neurriak hartu baitira”.
Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua, DBLren gaineko agerraldian.