Bat gutxiago
Asteazkenean Irungo Udalak osoko bilkuran izan zuen hizpide aspalditik eztabaidagai duten San Miguel-Anaka eremua biziberritzeko plana. Milaka lagun batzuk hartuko dituzten babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dituzte, eta halakoetan derrigorrezko bihurtu den berdegune urbanoa ere bai. Lakaxita espazio autogestionatua —gaztetxe epitetoa aspaldi kendu zioten kideek, zuten adinaz jabetuta— ez da oztopo izango, eta aurretik eramango du […]
Asteazkenean Irungo Udalak osoko bilkuran izan zuen hizpide aspalditik eztabaidagai duten San Miguel-Anaka eremua biziberritzeko plana. Milaka lagun batzuk hartuko dituzten babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dituzte, eta halakoetan derrigorrezko bihurtu den berdegune urbanoa ere bai. Lakaxita espazio autogestionatua —gaztetxe epitetoa aspaldi kendu zioten kideek, zuten adinaz jabetuta— ez da oztopo izango, eta aurretik eramango du proiektu berriak.
Baina herria altxatuko da, halabeharrez, tirano arrotzen hiltzeko baino ez bada ere. Tokiko hamaika hedabideek, sare sozialek eta zentro-ezkerreko telebistek erakusten baitigute gehiengo berri bat sortzen ari dela, ezkertiarra, botereari (baina ez pentsa; benetakoari, ez politikoari) ez diona men egingo. Aski argi ez baldin bazegoen, hauteskundeek frogatu dute duela gutxi.
Herria delakoa ordezkatzen duten herritar batzuk joan ziren udalera asteazkenean, baita Lakaxitaren aldeko adierazpen sutsua irakurri ere. Eta horrek, berandu baino lehen, ekarriko du elkartasun kate amaigabea: kultur jendea, okupak, musikariak, poetak, gizarte mugimenduetako jendea, artistak, hitzaldi-emaileak, antzezleak, eta abar luze bat ez dira etxean geratuko; adierazpen andana argitaratuko dute, eta zabaldu, biral bilakarazi, gupidagabe.
Alokairu sozialaren gozokiarekin nekez otzanduko dituzte jende olde mobilizatu eta ahaldunduak. Bazekiten beldurra bandoz aldatzear zegoela, eta laster iritsiko da eguna. Badator, sumatzen da zerbait. Facebook eta Twitter sutan jarriko dira, gure hedabideetan inoiz baino albiste gehiago jarriko dituzte Lakaxitaren egoera salatuz, hedabide horietako kolaboratzaileek horri buruz idatziko dute dagokien zutabeetan, eta nire lagun batek ere bere blog pertsonalean zerbait jarriko duela esan zidan.
Eragile gutxi batzuk eta nolabait eragin nahiko luketen hainbat talde —edo grupúsculo, nire gaztelaniazko hitzik gogokoenetakoa— elkartuko dira, herritarren eskubide urraketa honen aurrean nola erantzun eztabaidatzeko. Eta erabaki irmoak hartuko dituzte, atzeraezinak. A, eta 11-Mren izpirituak bizirik darraiela eta, gainera, ez ahaztu, horiek iritsi zirenerako hemen aspalditik genbiltzan horretan, ez zeuden guri irakaspenak emateko. Bi korronteok batu eta sinergiak sortzeko garaia dela ebazten badute, ez dute inor epel utziko.
Mobilizazio masiboak espero dira datozen hileotan Irunen, herriak ez baitu onartuko autogestioaren, kulturaren, altermundialismoaren ikur den Lakaxita egun batetik bestera eraisterik. Eta kontuz olatuarekin, ez zaitzala azpian harrapatu.