Euskal kultura erdal munduan II
Esaten nuen abenduko zutabean, Radio Euskadin asteburuko musika egitarauaren berri eman zutela nahiko luze. Pena, behin egingo bi kapituluko zutabea, eta inoizko tarterik luzeenean tokatu behar, ia bi hilabetekoan. Kontua da bertako taldeen kontzertuak eta kanpokoenak, biak izan zituztela hizpide, baina ez tonu berean; inola ere galdu ezin duzun ikuskizun zirraragarri gisa atzerrikoenak —Donostiako bizikidetzaen […]
Esaten nuen abenduko zutabean, Radio Euskadin asteburuko musika egitarauaren berri eman zutela nahiko luze. Pena, behin egingo bi kapituluko zutabea, eta inoizko tarterik luzeenean tokatu behar, ia bi hilabetekoan. Kontua da bertako taldeen kontzertuak eta kanpokoenak, biak izan zituztela hizpide, baina ez tonu berean; inola ere galdu ezin duzun ikuskizun zirraragarri gisa atzerrikoenak —Donostiako bizikidetzaen zubia bezala, adibidez?—, eta modu deskriptibo hutsean bertakoak.
Denetik iragarri behar da, noski; ez ahal gara txokokeriatan eroriko! Denoi gustatzen zaigun bezala: orain patxanga, gero euskal musika, gero beste zerbait, eta horrela, txandaka. Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo abeslariak hala adierazi zuen Tumatxak saioan asteartean bertan, Kafe Antzokian estilo horiek entzun zituela azken parrandan, eta hori gustatzen zaiola berari: «Denetik entzutea, batez ere parranda gau batean». Hain zuzen, ia hitzez hitz, horregatik pasatu zutela ondo berak eta bere lagunek, denetik jarri zutelako. Horregatik. Pasa den astean EH Bilduko diputatu Onintza Enbeitak esan zuenean bezala Sálvame ikustea gustatzen zaiola etxera nekatuta iristen denean. Ezin dela 24/7 militantzia kontuetan aritu, aizu.
Harira. Hasi ziren Radio Euskadiko esatariak talde anglofonoei buruzko datu andana botatzen parrastaka, liluraz beterik. Pentsatu nuen entzule normalarentzat ez dela oso esanguratsua Antoine Dufour gitarjolea Kanadako l’Épiphanie izeneko herrixkakoa izatea eta bai, ordea, Olatz Zugasti hernaniarra dela, edo Ze Esatek taldea ez dela ez Donibane Lohizunekoa ez Karrantzakoa, Donostiakoa baizik. Edo, nik zer dakit, Gasteizen jo zuen Legendary Shack Shakers taldea Nashvillekoa izatea. Agian entzule batzuek badakite Tennesseeko hiriburua musika ekoizpen aldetik zinez aberatsa dela, baina ez ote zen interes orokor handiagokoa Izaki Gardenak-en azken diskoaren izenak —Aurri gara— zer esan nahi duen, hegoaldeko gehienentzat hitz ezezaguna baita. Baina horretarako, ai!, euskal kulturarekiko interesa edo —ahal bada, eta— ezagutza behar. Eta Kike Martin irrati esatariak, halako ezaugarririk balu, diskrezio osoz jokatu zuen egun hartan.
Ez dut inolako asmorik eztabaida terminologiko bizantziarretan katramilatzeko, muinera joatekoa baizik; euskaldunok erdaldunak ere baikara, baina ez alderantziz. Horrenbestez, oro har, euskal kulturadunok erdal kulturadunak ere baikara, baina ez alderantziz.