Euskal kultura erdal munduan I
Duela pare bat aste, Radio Euskadiko Iflandia saioan, Kike Martinek asteburuko musika egitarauaren errepasoa egin zuen. Nire itzulpena, aski literala: «Asteburuan Euskadin izango dugun bisita musikal handienetakoa da entzuten ari zareten gitarra. Antoine Dufour gitarjolea duzue, igandean joko du Bilboko BBK aretoan, Musiketan jaialdiaren barruan, formatu txikiko kontzertuen ziklo beteranoan. Dufourrek 35 urte ditu, l’Épiphany […]
Duela pare bat aste, Radio Euskadiko Iflandia saioan, Kike Martinek asteburuko musika egitarauaren errepasoa egin zuen. Nire itzulpena, aski literala: «Asteburuan Euskadin izango dugun bisita musikal handienetakoa da entzuten ari zareten gitarra. Antoine Dufour gitarjolea duzue, igandean joko du Bilboko BBK aretoan, Musiketan jaialdiaren barruan, formatu txikiko kontzertuen ziklo beteranoan. Dufourrek 35 urte ditu, l’Épiphany izeneko herrixkan jaio zen, eta Montrealen bizi da egun. Folk kanadarretik edaten duten sei lan argitaratu ditu, baina haren jarraitzaileei gehien gustatzen zaiena da bere teknika eta kontzertuak oso dibertigarriak direla. Youtubera igotzen dituen klase magistralek milioika eta milioika jarraitzaile dituzte.
Bilboko BBK aretora joango garen guztiok asko gozatuko dugu igandean Antoine Dufourrekin, jende ugarik lortu baitu sarrera Iflandia-ri esker, eta hitz egiten ari zaizuena ere hantxe izango da.
Donostian hitzordu erakargarri aunitz dago asteburu honetan. Ostiralean, Viktoria Eugeniako Club aretoan, Izaki Gardenak taldea, Aurri gara disko berria aurkezten segitzen duena. Ze Esatek [se esátek] taldeak ere joko du ostiralean. Intxaurrondon aurkeztuko dute disko berria, eta gurean egongo dira datorren astean. Bihar, Kursaalen, Neneh Cherry handiak abestuko du. Edozerekin ausartzen den ahots miragarriarekin [portentosa] laketuko gaitu: soul, hip-hop, pop, rock…edozer. Blank project aurkeztuko du; bere lehen diskoa 20 urtean.
Igandean, Viktoria Eugenian, Olatz Zugastik ere disko berria aurkeztuko du, Ur goiena, ur barrena. Gasteizen, Jimmy Jazzen, Danakil-ek joko du larunbatean. Reggae frantsesaren erregeak dira; azken diskoa, Entre les lignes, sekulako bonba da. Arabako hiriburuan ere, baina Hell Doradon, Legendary Shack Shakers izango dugu, Nashvilleko talde ordainezina [impagable]. Eta bihar, larunbata, Cracker, talde kaliforniar mitikoa. Eta beste musika eskaintza bat: Sorkun, disko berria aurkezten. Ziklomorphosia du izena».
Ondoren, Sorkunen azken singlea eta azken diskoari buruzko informazio xinglea, Kike Martinen eskutik.
Honaino iritsi bazarete, irakurri berriro esatariaren hitzak, baina oraingoan erreparatu, mesedez, nola hitz egiten duen euskal musikariei buruz, eta nola kanpokoez. Zein neutro, gris, lehor, aseptiko, bertakoekin; zein irrika, emozio, prestigio, ezinegona, atzerritarrekin.
Ghettoan, erreserban, goxo gaude. Durangoko Azokako zenbakien aparretan harrotuta. Eta hortik kanpo ere zaintzen gaituzte gure hedabideetan, noski. Oreka bilatzen dute, bertakoak eta kanpokoak aipatuz, fifty-fifty. Are gehiago, Ze Esatek eramango dute estudioetara, 20 minutuko elkarrizketa mamitsua egiteko, edo agian bizpahiru abesti jotzeko, unplugged. Oso ondo dago, baina begira diezaiogun elefante zuriari: kuotak betetzean besterik ez datza.
Hausnarketa gehiago, hemen baten bat egon bada, urtarrileko zutabean.