Hamarnaka lagun hurbildu dira Bidasoa Bizirik-en Enplegu Astera
Bidasoa Bizirik-ek Enpleguaren Astea egin du, hamaseigarren aldiz. Erakundeak adierazi duenez, “enpresei kontratatzen” laguntzeko antolatzen dute ekimena, “urte osoko lana ikusgarriagoa egiteko”. Aurten 111 lanpostu eskaini dituzte, eta horiek betetzeko 1.519 hautagai egon dira. Gaur egin dituzte elkarrizketak, Ficoban. Guztira 267 pertsona deitu dituzte bertara, enpresen eskakizunetara gehien hurbiltzen diren lagunak, alegia. Lana eskuratzeko aukerez gain, enpresak laguntzen dituzte, “hautagai egokienak lortze aldera”.
Gainera, Ficobako behe solairuan enpresek eta erakundeek euren eskaintzak eta enplegua bilatzeko zerbitzuak erakutsi dituzte. Gainera, tailer osagarriak egin dituzte, hala nola, Frantzian eta Europako Batasunean lan egiteko hitzaldi bat, enpresei zuzendutako beste bat edo Adegilan enplegu atariaren aurkezpena.