Hiriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako haurrek hirian modu seguruan jarduteko irizpideak jasoko dituzte. Adinekoek, eta jaioberrien gurasoek ere jasoko dituzte eskolak.
Gazteak, Irunen, bide heziketa saio batean.
Irungo Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleek bide hezkuntzako eskolak jasoko dituzte Udaltzaingoaren eskutik. Alde teorikoa eta praktikoa landuko dute horietan, Ibarlako pistan. Hirian trafiko istripuak ekiditeko neurri gisa planteatu ditu Irungo Udalak jarduera horiek. Eskola orduetan egingo dira.
Ibarlako pistan bakarrik ez. Ikasitakoa praktikan jartzeko, 6. mailako ikasleek hiriko kale eta bidegorrietatik martxa bat egingo dute jardunaldien barruan. Gurasoekin parte har dezakete ikasleek. Lourdes Larraza Udaltzaingoaren udal ordezkariak balio berezia eman dio iniziatiba horri, “segurtasuna, bizikidetza eta bide publikoetako gainerako erabiltzaileekiko errespetua bezalako balioetan sakontzen da horrela”.
Jaioberriak eta adinekoak
Harago eraman nahi du udalak bide segurtasunaren gaia. Horren adibide, beste bi ekimen jarriko dituela abian, bat autoetan haurrak eramateko araudiaren gainekoa, eta bestea adinekoekin zerikusia duena.
Erditzeko prestaketan dabiltzan familiei formazioa emango die Udaltzaingoak Irungo bi anbulatorioetan, eta bai autoetan zein bestelako ibilgailuetan haurrak behar bezala lotuta eramatearen garrantziaz eta irizpideez mintzatuko dira, tartean, zirkulazioko azken arautegiak zeintzuk diren jakinaraziz. Hilaren 26an erdiguneko anbulatorioan (10:30-12:30) eta hilaren 27an Dunboakoan (10:15-12:15) izango dira horren barruko saioak.
Adinekoek ere bide segurtasun saioak izango dituzte. Hala, hurrengoa, hilaren 27an izango da, 17:00etan, San Miguel auzoko gizarte zentroan.