Realeko, Athleticeko eta Real Unioneko beteranoen arteko hiruko futbol txapelketa egingo dute bihar (11:30ean) Stadium Galen. Sarrera doan da.
Antolatzaileak, atzoko aurkezpenean
Bihar (larunbata), San Pedro eta San Martzial jaien, eta Real Unionen mendeurrenaren ekitaldien barruan, Realeko, Athleticeko eta Real Unioneko beteranoek hiruko futbol lehia jokatuko dute Stadium Galen. 11:30ean hasiko dira partidak. Hiru taldeek, 30 minutuko partidak jokatuko dituzte elkarren kontra, eta horietan emaitzarik onena lortzen duenak irabaziko du lehia. Sarrera doan da.
Atzo aurkeztu zuten partida Asier Maestu Real Unioneko kudeatzaileak, Alberto
Bixio Gorriz Realeko jokalari ohi irundar eta Realeko jokalari beteranoen elkarteko presidenteak, Real Unioneko beteranoen taldeko bigarren entrenatzaile Javier Vallejok, eta Pedro Alegre udaleko Kirol ordezkariak.
Denek ala denek egokitzat jo zuten partida, esanaz Irunen bizi den festa giroarekin bat egiten duela, eta aldi berean Unionen mendeurreneko ekitaldietan parte hartzea ohorea izango dela. Horrela, Realeko taldean izango direnen artean daude Miguel Fuentes, De Pedro, Lopez Rekarte, Luis Perez, Loinaz, Larrañaga, Roteta, Xanti Bakero eta Orbegozo; Athleticen aldetik Irunen espero dira, besteen artean, Orbaiz, Lekunberri eta Huegun. Aldi betean, Real Unionen entrenatzaile Jabo Irureta izango da.
Animazioa
Partida bakarrik ez. Animazioa ere izango da beteranoen partiden harira. Hala, 10:45ean eta San Juan plazatik abiatuta, kalejira bat egingo da Galera txaranga eta majoreteen parte hartzearekin.