Bihar, Betti Gottiren koadrilen olinpiaden finala, eta herri bazkari handia
Betti Gotti Euskara Elkarteak egun handia prestatu du biharko, sanmartzialen barruan. Ficoba osoa goraino beteko da herri bazkarian, baina aurretik olinpiaden finalak daude. Bidasoko Hitza.
Sanmartzialetako egunik seinalatuenetakoa da biharko. Larunbata, eta gainera, sanmartzialetan erreferente nagusienetako bihurtu diren koadrilen olinpiada eta herri bazkaria Ficoban. Plan ederra gazte, eta ez hain gazteentzat. Zatika. Lehenik, 11:00etan, herri olinpiaden finalak egingo dituzte bertara sailkatu diren taldeek, Urdanibian. Behin lagun taldeen arteko dema bukatuta, kalejiran joango dira partaideak (13:30 inguruan) Ficobarantz, 14:15ean bazkaria hasteko. Betti Gottiren Facebook atarian daude horren gaineko xehetasun gehiago, bazkariko menua eta ekitaldiak tartean. Ficoba osoa hartuko du bazkariak, pabilioi guztiak. 1.600 pertsona espero dituzte betan: aldez aurretik saldu egin ziren sarrera guztiak. Izan ere, biharko goizean Urdanibian egingo dutena finala da. Aurreko larunbatean egin zuten koadrilen lehiaren lehen zatia, eta bertan izandako giroa ziur errepikatuko dela bihar. Ondoko PDFan, biharko (ekainak 27, larunbata) festetako egitaraua.