11 zutabea eta 35 lerroa, eta 18 zutabea eta 1 lerroa. Horiek Aldatsak eta Xalbardinek igandean Ballestenean antolatutako kakusai zozketako irabazleak. Zaldiek ez zuten egin beharrekoa egin eta papertxoen bidez erabaki zen auzia.
Legendario zaldia, atsedena hartzen
Dozenaka pertsona kakaren zain, baina ezin kakarik egin. Hala laburtu daiteke igande eguerdian Ballestenea parean gertatutakoa. Xalbardin eta Aldatsa ekoizle ekologikoek antolatuta, Kakusai agrozozketa egitekoa ziren bertan eta printzipioz, beharrezko elementu guztiak zituzten.
Batetik, lur eremu bat. Hesitu, neurtu eta 1.500 zatitan banatu, salgai jarritako errifa kopuru bera. Bestetik, giro paregabea, eguzkia soberan, euskal musika, eta Irunabar bertso eskolako bikote bat, haien mingain zorrotzak astintzeko prest. Eta azkenik, ekitaldiko protagonista nagusiak, zaldi parea, Legendario eta Dakar, kakamokordoen bitartez zozketako bi irabazleak zeintzuk izango ziren zehaztu beharreko lana zutenak.
Kakaren faltan, papertxoek erabaki zuten
Baina animalien jabeak abisua emanda zuen: “Ez dakit ba, Irundik honerako bidean horixe baino ez dute egin”. Hala, barruak hustuta zituztela, tripa betetzen eman zuten denbor guztia, han bildutako jendea zeren zain zegoen ulertuko ez balute bezala. Jan, lurrera bota, altxa, eta jaten jarraitu. Ordu eta erdi inguru pasa zuten jateari utzi gabe. Mundiala.
Halako batean, zaldien kaka grebaren aurrean, zozketa egitea erabaki zuten antolatzaileek, ez baitzuten nahi bildutakoek etxerako martxa egitea irabazleen zenbakiak ezagutu gabe. Horrela, haurren laguntzarekin hasi ziren zozketa egiten eta lehen sariduna ezagutu zenean, jendeak txalo egin zuen, eta Legendariok kakaplosta. Jendeak barrez jaso zuen zaldi zuriaren ekarpena, antolatzaileen etsipenerako. Bigarren sariduna ezagutu zen gero, baina Dakarrek ez zuen modu berean ospatu. Usaina bai, kakarik ez.
Giro paregabean ospatu zen, ospatu edo, Aldatsak eta Xalbardinek igandean Ballestenea parean antolatutako Kakusai zozketa. Bi saridun izan ziren, errifan 11. zutabea eta 35. lerroa zuena, eta 18. zutabea eta lehenengo lerrodunak. Haientzat izan da, Botikako agroaldeako bi ekoizle ekologikoek prestatutako sari sorta paregabea.
Kakusai agrozozketa. Sariak
A saria eta B saria
- Arrigorri ostatu jatetxean 2 lagunentzat egonaldia: Gau bat logela bikoitzan. Afaria eta gosariarekin.
- 2 pertsonentzat afaria El Curry Verde jatetxe begetarianoan.
- Hilabete osorako barazki saskiak Aldatsa Baratza eta Xalbardin Baratzaren eskutik.
- Olio ekologikoa, 5l-ko botila, Lurrai-ren eskutik.
- Patxaran botila bat.
- 6 sagardo botila.
- Alpargata pare bat Calzados Pombar dendaren eskutik.
- Ile mozketa bat Olivia Gormaz ile-apaintzailearen eskutik.