Goizeko martxaren ondoren, pintxo dastaketa egingo dute Urdaninia plazan. Bazkaria Ficoba erakustazokan izango da, eta ondoren haurrentzako jarduerak prest dituzte.
Alarde Tradizionalaren aldeko jaialdiaren aurkezpenekoa da ondoko irudia
Ohikoa baino astebete lehenago, hilaren 31n egingo dute 2015eko Alardealdia, hamazazpigarrenez. Ohiko bidea 09:00etan hasiko dute Urdanibia plazatik, eta hiriko hainbat puntu zeharkatu ondoren, berriz ere Urdanibiaren iritsiko da Alarde Tradizionala finantzatzeko balio duen festa. Ibilbidea oinez egin nahi ez dutenek, txu-txu trena izango dute aukeran. 500 lagunek parte hartuko dute antolaketa lanetan.
Bide horretan zehar musika, ikuskizunak, eta haurrentzako jolasak eta puzgarriak (Larreaundin) izango dira, baita Alardearekin harremana duten gaiak ere. Bidea egin ondoren, 11:15 inguruan, pintxo dastaketa izango da Urdanibia plazan, jakiek iraun bitartean luzatuko dena.
Behin Urdanibiako ekitaldiak bukatuta, bazkaria egingo dute Ficoban, 14:30ean hasita. Hara joateko 13:30ean kalejira abiatuko da Urdanibiatik. Bertan, helduentzako nahiz haurrentzako menuak prest izango dira, 20 euroan eta 10 euroan hurrenez hurren; bazkarirako tiketak hiriko hainbat taberna eta dendatan daude salgai.
Arratsaldean ere egitaraua
Ficoban, arratsalde osoko egitaraua izango da, batik bat haur eta gazteei begirakoa. 17:15ean musika saio bat hasiko da, puzgarri, jolas, zalditxoen ibilbide eta esku lan tailerrarekin batera. 18:00etan txokolatea banatuko dute, eta 19:00etan, berriz, pizza eta gozokiak emango dituzte. Hara arratsaldez joateko, 16:45ean kalejira bat aterako da Bixera zenetik (txu-txu trena ere martxan izango da, 17:00etatik aurrera, Ficobara joateko).
Horrez gain, eta berritasun bezala, hainbat kirol jarduera egiteko aukera izango da erakustazokan.