Zinegotzi bakarra izanda udal gobernuan eragiteko aukera izan duela nabarmendu du Otxoteko popularrak, eta bide beretik jarraitzeko asmoa agertu du.
Otxoteko, Cano, Manrique eta Hernandezekin
Jose Miguel Otxoteko izango da berriz ere Alderdi Popularreko (PP) Hondarribiko alkategaia maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Aurkezpenean azaldu zuenez, “hondarribiarren bermea” du errepikatzeko oinarri. Bere hautagaitzaren berri eman zuenean, alboan izan zituen Juan Carlos Cano ahaldun nagusirako hautagaia eta Iñigo Manrique foru hauteskundeetarako Bidasoko zerrendaburua, baita Donostialdeko bigarrena, egun Pasaiako zinegotzi den David Hernandez.
Otxotekok adierazi zuenez, Gipuzkoako eta herritarren babesa duelako errepikatuko du alkategai bezala: “Hondarribiko zerrenda buru bezala aurkeztuko naiz
Gipuzkoako PP-ren babesa dudalako, nire alderdiak badakielako zer lan egin dudan udalaren gobernagarritasunari begira, baina batez ere, herriaren babesa dudalako, egunero hondarribiarrek gogorarazten didaten bezala”.
Bere esanetan, zinegotzi bakarra izanik ere, azken lau urtetan udal gobernuan eragiteko aukera izan du. “Hiritarrek badakite, zinegotzi bakarra izanik ere, PP ezinbestekoa izan dela eta nire bozka garrantzitsua haien bizitza kalitatean eragiten duten erabakietan, hala nola aurrekontua onartzeko, legealdiko lehen urtean gertatu zen bezala”.
Gainera, Madrilgo gobernuarekin abiatutako harremana goraipatu zuen, neguko denboraleek eragindako kalteei aurre egiteko kasuan bezala: “Ezinbestekoa ziren neurriak hartu ziren,
hondartzan, espigoian, Iterlimenen, kostalde lerroan eta Farolako errepidean”.
“Bide beretik” jarraitu
Horregatik, bide beretik jarraitzeko asmoa agertu du Otxoteko alkategai popularrak: “Bete dudan papera betetzen jarraitzeko asmoa dut, legealdi honetan egin dudan lana osatzeko, Hondarribiarentzat eta PP-rentzat ona delako”.
Hurrengo lau urteei begira, PP-ko hautagaiak gobernuaren zenbait proiektu babestuko dituela adierazi du, horien artean “Donostia kaleko aparkalekua bezain egitasmo garrantzitsuak”.