Hondarribiko Menina txotxongilo tailerrean Nestor Basterretxeak diseinatutako haridun panpinak egiten ari dira.
Idoia Seijo, Menina tailerrean, Altzoko haundia lanean erabiliko duten txotxongilo bat lantzen
Nestor Basterretxearen diseinuetan oinarrituta, txotxongiloak egiten ari dira Hondarribiko Menina tailerrean. Meninakoen zeregina da hori duela ia lau hamarkadatik, txotxongiloak egitea. Baina Jonan Basterretxeak eta Idoia Seijok, tailerraren gidari eta arduradunek, ez zuten izan orain arteko ardurarik, ziur, esku artean: Nestor Basterretxeak paperean egindako diseinuei forma ematea. Horretan ari dira buru-belarri, sortzaile handiak kanpora begira egin zuen azken lanari erantzuna ematen, bizirik izan zen bitartean Basterretxeak egin zituen azken bozetoak errealitate bihurtzen.
Horren guztiaren atzean istorio luzea dago, Idoia Seijo Meninako sortzaileak adierazi duenez; Jonan Basterretxea Nestorrren semearekin batera darama sorkuntza tailerra. Tolosa, Hondarribia eta Pasaia dira, besteak beste, istorio horren kokalekuak. Zatika azalpenak.
Tolosan egingo dute 2016an lau urtean behin nazioartean egiten den txotxongiloen kongresua; 2012an Txinako Shangai hirian egin zuten, eta han erabaki zuten Tolosan egitea hurrengoa. Ospakizun hori, Donostia 2016 Kultura hiruburutzarekin harremandu dute.
Kongresurako Topic Tolosako Txotxongiloen Interpretazio Guneak erabaki zuen txotxongilo ikuskizun bat sortu behar zuela, lehenengoz.
Horretarako mamia bazuten: Altzoko erraldoiaren gainean Koldo Izagirre pasaitarraren gidoia oinarri David Azurza tolosarrak musikatutako ipuina. Baina txotxongiloak behar: Nestor Basterretxeari enkargatu zizkioten horien diseinuak, eta nola ez, hurbileko Meninak egin behar zituen. Egiten ari dira.
Muntai handia
Opera kutsua izango du txotxongilo ikuskizunak, orkestra eta abeslariekin —Hodei Truk abesbatza—, eta Altzoko erraldoiaren istorioa kontatuko du: Altzoko haundia, txikien opera du izena. Iraila aldean egin nahi dute aurrestreinaldia Tolosan, eta 2016an estreinatu: La Enana Naranja taldeko kideek maneiatuko dituzte haridun panpinak.
Gainera, txotxongilo ikuskizunaren zuzendaria Emmanuel Marquez mexikarra izango da. «Maiatzean da etortzekoa Euskal Herrira Marquez, denari azken ukituak ematen hasteko. Horregatik azken asteetan jo eta ke ari gara lanean, ordu asko sartzen, dena prest egon dadin», esan du Seijok.
Ikuskizunaren txotxongilo txikienak prest dituzte
Behin ikuskizuna estreinatuta, Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta nazioartean egingo du bidaia Altzoko haundia, txikien opera-k. Lehen emanaldietan zuzeneko musika nahiz kontalariak izango ditu; aurrerago grabazioak erabiliko dituzte txotxongiloak laguntzeko.
Seijok aitortu du ardura dela haientzako, batetik, Nestor Basterretxearen azken diseinuak hiru dimentsioetara eramatea, eta bestetik, txotxongilo ikuskizun horrek merezi duen adinako panpinak egitea. «Batzuetan gauean gaiari bueltaka ibiltzen naiz, hau nola landu, besteari zein irtenbide eman… Baina ari gara. Txotxongiloak guretzat egiten ditugunean badakigu zein neurri diren egokienak, baina beste batzuek erabiltzeko dira hauek, horrek zalantzak sortu zizkigun hasieran».
Koldo Izagirreren gidoian oinarrituta egin zituen diseinuak Basterretxeak
Altzoko erraldoiaren gaineko txotxongilo obra 2016an estreinatuko dute
Tailerrean jada eginda dituzten txotxongiloak ikusita, ondo ari dira: batzuk txikiak dira, ikuskizun horretan herritar soil izango direnenak: besteak handiagoak, protagonista nagusienak; azkenik txotxongilo erraldoia egingo dute, Migel Joakin Eleizegi Arteagarena, Altzoko erraldoiarena eta tamaina errealean, 2,42 metro altuerakoa. «Tailerrean ikus daitekeen guzti-guztia obra horretara bideratua dago. Gure lanaren oinarria da egun. Baina egia esateko, oraindik ez dut ziur nola egingo dugun tamaina errealeko txotxongiloa», onartu du Seijok.
Hurbiltasuna
Ziur dira Meninakoak haiek direla egokienak Basterretxeak marraztutakoa panpin bihurtzeko, «haren obra ezagutzen ez duen norbaiti gehiago kostatuko litzaioke gu egiten ari garena egitea. Jonanek [Basterretxearen semeak] gaitasun berezia du paperean margotutakoa hiru dimentsioetara eramateko. Niri gehiago kosta egiten zait hori. Normala da, aitaren semea da Jonan».
Nestor Basterretxeak ez zuen inoiz ere txotxongilo bat diseinatu Altzoko erraldoiaren ikuskizunekoetan pentsatzen hasi baino lehen, «gustuko zituen, baina ez zen inoiz ere horretara jarri. Beharbada haurren munduarekin soilik harremantzen zituen; guri, behintzat, ez zigun jaramon handirik egiten», zehaztu du Idoia Seijok.
Baina antza, Tolosako Topic-ekoei jaramon egin zien, eta musu-truk ikuskizunerakoi diseinuak egiten hasi, «ia dena egin zuen. Ez zuen astirik izan hil baino lehen den-dena egiteko, baina ia guztia egina utzi zuen». Falta ziren zertzeladak Jonan Basterretxeak eta Seijok berak egin dituzte, «beti Nestorrek egindakoa errespetatuz, ahalik eta fidelen». Txotxongiloen itxura eta jantziez gain, eszenografiaz ere arduratu zen iazko uztailaren 12an hil zen sortzaile hondarriarra.
Nestor Basterretxearen bloka, haren diseinuekin.
Orotara, egin dituztenen eta egingo dituztenen artean, 50 bat pertsonaia edo txotxongilo izango ditu ikuskizunak, aktore nagusien eta bigarren mailakoen artean. Altzoko erraldoiaren bizitzaren berri emango du ikuskizunak pertsonaia horien guztien bidez, Gipuzkoako herri txiki batean sortutako herritarrak nola eman zion bira munduari zirkuko pertsonaia bezala kontratatu zutelako, eta horren ondorioz izan zituen pasadizo eta harremanen berri emanaz.
Emozioa
Ikuskizuna nola gelditu den ikusten dutenean, Idoia Seijo ziur dago emozioa sentituko duela, «Nestorren buruan zeuden gauzak» mugimenduan ikustea oso berezia izango dela badaki, «uste dut, gainera, jendeari gustatuko zaiola. Musika eta gidoia ere oso onak dira. Lana ikusteak mereziko du. Ez da ohiko txotxongilo ikuskizuna izango. Elkarlan handi batetik sortutako egitasmoa da».
Koldo Izagirreren gidoia eskuan zuela hasi zen sortzen pertsonaien diseinua Nestor Basterretxea. Horiek biltzen dituen blok handia bideorri dute Meninan. Blok horretan, marrazkiez gain, hark egindako anotazioak eta iruzkinak daude, tatxoiekin, geziekin, markekin; inork inoiz hartu ez zituen bideen markak.
Diseinu apurtzaileak egin zituen Basterretxeak panpinentzat.
Denentzako ateak zabalik dituen tailerra Hondarribiko Kale Nagusian
1980an hasi zuten Jonan Basterretxeak eta Idoia Seijok euren ibilbide artistikoa, besteak beste, Nestor Basterretxeari laguntzen Arantzazuko santutegirako egin zituen margolanekin. Beranduago iritsi ziren txotxongiloen mundura.
Basterretxea familiaren baserrian hasieran, gero Irunen —Iparralde ibilbidean Nestor Basterretxeak eta Jorge Oteizak konpartitu zuten eraikinean—, eta azkenik Hondarribiko Kale Nagusian izan dituzte tailerrak. Egungo lantegia bertan dute, Santa Maria atea pasatu eta berehala. Menina tailerraren irudia collage bat da, Nestor Basterretxeak Laura haren lehen bilobari egindakoa.
Badakite Meninakoek eurena ez dela ohiko lanbidea, «izan ziren garaiak hozkailua zabaldu, eta hutsa ikusten genuena, jakirik gabe», eta egunean-egunean bizi direla aitortu du, «gaur lana badugu, bihar ez dakit. Baina hamarkadak daramagu horrela, txotxongiloak, eszenografiak eta bestelakoak lantzen, eta aurrera atera gara sinesten dugunean lanean. Aurrera egiten dugu, ordea».
Kale Nagusiko lokalak beti du atea zabalik, edonor sar dadin, «hori da gure filosofia. Jendea sar dadila hona». Egun ez dituzte txotxongilo asko salgai, lantzen ari diren egitasmoak denbora guztia kentzen dielako. Duela gutxira arte, txotxongilo pertsonalizatuak egin izan dituzte, azkenetakoa, Mikel Azkuna Bilboko alkate izandakoarena.