Ia ehun ipuin aurkeztu dira leihara eta martxoaren 8an jakinaraziko dituzte saridun idazlanak
Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak agerraldia egin du goizean Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren nondik norakoen berri emateko. Eragile feministako kideak “pozik” agertu dira “lehiaketak izan duen arrakastarekin”. Izan ere, ia ehun ipuin aurkeztu dira lehiara. Horietarik “laurdena baino gehiago euskaraz” izan dira, prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
TASek antolatu duen iniziatibak “gure txikitasunetik Casasolaren lana goraipatzea eta Nagore Laffageren memoria bizirik mantentzea” du xede. Zentzu horretan, lehiaketan parte hartu dutenek “berdintasunean oinarritutako etorkizun batekin amestu eta idatziz hura irudikatzen dutela” eta horrek “txikitasuna handi egiten” duela nabarmendu dute antolatzaileek. Areago, “Irungo herriaren aurpegi solidario eta kritikoenak Martxoaren 8ak duen balore sinbolikoa handitzen” duela adierazi dute TASeko kideek.
Sariak, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean
Martxoaren 8an emango dituzte ezagutzera lehiaketa irabazi duten idazlanak, Urdanibia plazan, eguerdiko 12:30etik aurrera. Aurretik, alta, lehiaketara aurkeztutako “beste ipuin batzuen irakurketa egingo da”. Saridunak izendatuko dituen epaimahaia Eneritz Duesok, Rosa Arburuak, Javier Gilek, Mertxe Tranchek, Alfonso Sastrek eta Asun Casasolak berak osatuko dute.
Bestelako ekimenak
Martxoaren 8ari begira hainbat ekimen antolatu dira, urtero bezala. Sari banaketaz landa ere, hortaz, izango da zertan parte hartu. Hondarribiko Emeki elkarteak antolatuta, gaur, hilak hiru, “Nekane Jurado ekonomista eta feministak Desekonomiari buruz” egingo du solasaldia, Bidasoaldeko Mariluz Muñozek jakitera eman duenez. Horrekin batera, martxoaren 7ra bitartean Arma Plazako turismo bulegoan Bidasoko emakume artisten eskulanak eta margolanak ikusgai egongo direla adierazi du.
Egun horretan bertan, 18:30etik aurrera “emakumeentzako kultura arteko afari-merienda” egingo dutela ere adierazi du Muñozek. Azkenik, martxoaren 8an “Pepita Goikoetxea portuarrari omenaldia” egingo diotela eta bertan Alaia Martin bertsolariak parte hartuko duela iragarri du kolektibo feministako kideak.
Txingudi Anti Sexista plataformako kide den Nicolas Guerendain Errepublikarren Elkartetik heldu den astelehenean, hilak 9, “Emakumeen eskubideak” izenburupean Garbiñe Biurrun epaileak solasaldia egingo duela iragarri dute. Kabigorri ateneoan izango da, 19:45ean hasita.