Adio falangistari, ongietorria artistari
Hondarribiko Mourlane Mitxelena kaleari izena aldatzeko aukera bozkatuko dute osteguneko plenoan
Mourlane Mitxelena kaleari izena aldatzeko proposamena eztabaidatuko dute ostegun goizean udaletxean egingo duten otsaileko ohiko plenoan. Irundarraren izena kendu eta Nestor Basterretxearena jarri, hori bozkatuko dute zinegotziek.
Mitxelena kalean udan agertutako pintaketa
Askotan eskatu dute kale horren izena aldatzeko, Pedro Mourlane Mitxelena idazle eta kazetaria Falangeko kidea zelako eta, besteren artean,
Cara al sol ereserkia sortu zuen taldeko kidea izan zelako. Proposamena aterako balitz, aldaketa handia izango luke kale horrek, faxista baten izena galdu eta frankismo garaian erbestera jo behar izan zuen artistarena jasoko lukeelako.
Beste gai batzuk ere landuko dituzte udal batzarrean, horien artean garrantzia handiko bat, Miramongo Parke Teknologikoa Zubieta-Urdanibiara zabaltzeko hitzarmen esparrurako proposamena; enpresentzako gunea izateaz gain, Hondarribiko eta Irungo udalek leku horretara mugitu nahi dituzte Plaiaundiko kirol azpiegiturak.