Egutegi "berezia" argitara eman du Irun Rugby Taldeak
Diru sarrerak handitzeko helburuarekin Irun RTko jokalariak biluztu eta kameraren aurrean jarri dira. Bestalde, garaipen garrantzitsua eskuratu du taldeak Gabonetako oporraldia hasi aurretik Bera Bera talde donostiarraren aurka.
Irun RTko jokalariak (Irudia: Nalove Hargreaves)
Suhiltzaileek prestatu ohi dituzten egutegien antzera, biluztu eta argazki kameraren aurrean jarri dira Irun Rugby Taldeko jokalariak. Egutegi “berezia” osatu dute irudi horiekin eta orain, aparteko diru sarrera bat bermatzeko asmoz, sei euroren truke salgai jarri dute hainbat taberna eta saltokitan, zein klubean bertan.
Bestalde, kontent hartu ditu errugbi taldeak Gabonetako oporrak. Izan ere, Bera Bera taldearen aurka lehiatu ziren irundarrak Plaiaundin 2014ko azken jardunaldian. Hala, hasieran partida zaila izango zela pentsatu arren, 14. minutuan 5-0 bertakoen aldeko markagailua irekitzea lortu zuen Gonzalezek.
Handik aurrera Bera Berak ez zuen jokoarekin asmatu eta 53. minutura arte talde donostiarrak ez zuen punturik lortu. Hala, partida amaitzerako 19-5 irabaztea lortu zuen talde irundarrak.
Urtarrilaren 10erako finkatu dute hurrengo hitzordua, Gernikaren aurka, Plaiaundin izango den partidan.