Txakurkrosa eta estropadak, asteburuan, Amute-Kostako jaietan
Urtero bezala, hainbat kartel behar izan dituzte Amute-Kostako jaietarako prestatu dituzten ekitaldi zerrenda sartzeko. Ostiraletik igandera egingo dituzte, ekitaldi gehienak Auzo Egintza Auzo Elkartearen egoitzan eta inguruan.
Ostirala haur eta gaztetxoentzat izango da, ekitaldiz beteriko egitarauarekin: aurpegi margoketa, txokolatada, ponnyak, jolasak, globoflexia, mozorro lehiaketa, entzierroa, haurren batukada… 17:00etatik 20:00etara, sekulako giroa sortuko da auzo elkartearen egoitza inguruan. Nekatuta iritsiko dira haurrak gauera, eta nagusiek hartuko dute haien lekukoa, Badakizu? talde jolas dibertigarriarekin. 15 urtetik gorakoek parte har dezakete, “eta parte hartu behar dute”, kartelan argi esaten den bezala. Jolasarekin hasiko da gaualdia 21:30ean, baina, horrelakoetan gertatzen den bezala, ziur luzatuko dela luzatuko da. Larunbatean, txakurrak eta bazkaria Larunbata egun handia izango da Amute-Kostan, bazkariaren eguna. Baina aurretik Euskanikros taldeak txakurkros lasterketak antolatu ditu larunbat goizerako, helduentzat nahiz haurrentzat. Erakustaldia izango da, herri proba, eta hortaz auzotarrek aukera izango dute kirol hori ezagutzeko eta, zeinek daki, agian praktikatzen hasteko. 11:00etan hasiko da nagusien proba plazatik, Maidanea-Beko Errota ingururaino joango dira, eta handik itzuli. Haurrena, 12:00etan izango da, haurren parkearen ondotik pasatzen den bidegorrian. Jarraian izango da bazkaria. 260 lagun elkartuko dira bazkaltzeko, eta aurretik ohiko argazkia egiteko. Herri bazkaria izaten da Amuteko jaietakoa, antolakuntzatik hasita, eta denek laguntzen dute zerbaitetan. Postrerako leku gutxitan izaten dute bertakoa bezalako aukera. Halaber, postre lehiaketa egiten dute, eta horrekin hasten dute bazkalostea: txapelketetako sari banaketa, bingoa, dantza eta musika… Aurten Amute Folk Taldeak bere lehen kontzertua emango du. Eta igandean, estropadak! Mundu osoan hain ezagunak egin diren Amute-Kostako estropadak egingo dituzte igandean 12:30ean. Antolatzaileek dei egin diete auzotarrei parte hartzera, eta parte hartu nahi ez duten hondarribiarrei Jaitzubia errekako bazterrera hurbil daitezen, traineru edo bestelako ontzien arteko dema ikustera. Estropak egiten diren bitartean azoka jarriko dute Errekako pasealekuan. Xixare baratza taldeak antolatuta, bigarren eskuko azoka egongo da 11:30etik 14:00etara. Nahi duenak bere objektuak eraman ditzake saldu edo trukatzeko, eta antolatzaileek mahai bat utziko diote horretarako. Pintxoak eta edateko zer edo zer jarriko dute, hortaz, giroa ez da faltako igande eguerdian Amuteko zubi inguruan. Igande arratsaldean bukatuko dira jaiak, 17:00etatik aurrera auzo elkartean egingo duten Gaming txapelketarekin. Bideo jokoetan aritu nahi duenak larunbat goizean eman behar du izena, auzo elkartean ere. Bi aukera izango dira: 5-10 urte bitarteko haurrak Mario Kart jokoan lehiatuko dira, eta 10 urtetik 20rakoak, Call or Duty MW3 jokoan.